GREZIAN ezezkoaren irabazteak zorabio moduko batean murgildu nau igande gauetik, bat-batean nire burua, nire gorputza, nire gogoa ardo koloreko Egeo itsasoan egongo balitz bezala; agian ez naizelako inoiz itsaso horretan bainatu, agian, galtzen ohituta, ez dakidalako zer egin garaipena datorkidanean. Datorkidanean, nirea bezala hartu baitut Grezian gertaturikoa. Lagun batek esan berri du agian irabaztera ohitu egin beharko genukeela hemendik aurrera. Hala bedi. Juan Antonio González Iglesias-en poema batekin gogoratu naiz, idazten duenenan porrotak eta galtzeak kantari gehiegi dutela. Garaipenak ekarri duen poza da orain niretzat iritzi askoren eta munduaren neurria. Zekenak izan dira Ciudadanos-en adierazpenak, popularrenak, sozialistenak, jeltzaleenak; ardura eta egonkortasun bezalako hitz astunak erabili dituzte; apokalipsia iragarri, ez bada gaurko, biharko edo datorren asterako; zikoizkeria hitzari zentzu guztia eman diote. Ezkerrekoek, aldiz, garaipena ospatu dute arindurik xuhurkeriarik gabe, hitz joko alaiak egin dira oxi eta ixo hitzekin eta Greziako bandera lotsarik gabe eraman, arina izan baita inoiz ez bezala.
Amestutako Europa batekin bakeak egin ditut (egin ditugu), Jorge de Sena poeta portugaldarrak, Chartres bisitatzen ari zelarik, egiten zituen bezala: mundu honek piztien arrunkeriari aurre egingo dio. Eta oso ondo dakigu nortzuk diren orain piztiak.
Piztiek ez dizkiote gauzak erraz jarriko Greziako jendeari, beldurraren erabilera ez da amaitu baina, galtzen ohituta, egoera jadanik izugarrian, eusteko gaitasuna handia izango dela pentsatu nahi dut. Ez dakit zer gertatuko zaien (zaigun) garaipenak ekarri digun mozkorraldiaren ostean, biharamuna jasangarria izango zaien (zaigun) ala ez, betiko bidea, bakarra omen den bide hori, bai izan dela benetan jasangaitza. Badirudi mitologia zahar aberatsa duen lurralldeak mito berriak sortzeko trebetasunik ez duela galdu: Tsiprasek eta Varufakis-ek lekua egin dute, zinez, mitologia modernoan.
Feta gazta eta ouzo botila bat erosi nituen astelehenean.