G aurko Iruñeako San Ferminetako txupinazoak bi harri edo erronka jarriko ditu politikarien bizkarzorroaren barrenean: bata, ikurrina nola dan-tzarazi eta, bestea, sexu erasoak nola babestu. Hirugarren lan batez ere hitz egin genezake eta zera litzateke: Donostian lau urtez zezenketak antolatzeari utzi ondoren, Iruñean EHBilduk alkatetza hartu duenean, San Ferminetako jaien erdigunea diren zezenen eguneroko ibilaldiari nolako azalpena emango dion.

Ezbairik gabe, ikurrina dantzan jar-tzeak dirudi errazena. Politikoki zuzena izatearekin nahikoa izango dela baitirudi.

Eraso sexisten aurrean, ordea, eta baita zezenen eguneroko erakustaldiari dagokionean ere, orain arte “festa” kontzeptuaren barruan saldu diren aspektu erakargarriak dira biak ala biak ere. Arrisku handiko jaia, amairik gabeko gauak eta mugarik gabeko sexu erakustaldiak eta praktika. Hemingway-ek bere “Fiesta” liburua idatzi zuen unetik halaxe deskribatua eta saldua, garaiak garai. Irudi baten parte da, jada. Turismoa erakartzeko sortu den ia-ia spota.

Hori dela eta, udaletxe berriak zaila dauka eta berari dagokio, sexu erasoen aurrean kale erakustaldiak egiteaz gain, Iruñea orgia betea dela adierazten duten mezuak jasotzea geldiaraztea. Nola? Horixe gakoa.

Eta zezenen goizeroko ibilaldiaren aurrean ere, azalpenen bat eman beharko du. Zezenak hiltzera heldu ez arren, traturik onena ez dutela jasotzen salatzea ez baita egiteko zaila.

Gaur ikusiko dugu, beraz, erabaki beharrekoak norbere teilatu gainera igotzen direnean, komenigarriak diren gaiak zein ez komenigarriak izan, komenientziaren arabera nola politikariari sartzen zaizkion bizkarzorroan. Eta, onenean, lau urtez zorroaren pisua garraiatzeko indarra eta kemena izango duen, betidanik aldatu behar dela pentsatu izan duen arazoari irtenbidea bilatu nahian.