BOLADAK apurtzeko daude. Topikoa da baina egiazkoa azken batean. Athleticek zaila zuen azken bost jardunaldietako bideari eustea eta ezin izan du punturik urratu Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen. Arestian esandakoari eutsita, bazegoen Sevillaren etxeko partiduetako bolada ona apurtzea. Athleticek, baina, huts gehiegi egin zuen Unai Emeryren taldea menderatzeko aukeraren bat izateko. Kontuak kontu, eta egia esanda, Sevillan galtzea lehen mailako edozein talderen aurreikuspenen barruan dago. Edozelan ere, jardunaldi bat gutxiago geratzen da Liga txapelketa amaitzeko eta Athleticek bizirik ditu zazpigarren postua eskuratzeko aukerak. Malagak puntu bakarra lortu du eta Ipuruan jokatuko du hurrengo jardunaldian. Beraz, Athleticek Valentzia menderatuko balu San Mamesen eta Gaizka Garitanoren taldea garaile izanez gero, hiru puntura izango luke datorren denboraldian Europan jokatzeko aukera. Hipotesiak dira, bai, baina sailkapenean atzetik den taldeak ezin du huts egin eta aurkariaren hutsen zain egon behar du.

Sailkapenari begiratuta Athleticen egoera askorik aldatu ez bada ere, Sevillan ikusitakoak hausnarketarako arrazoiak ematen ditu. Sailkapeneko goialdean sartu eta Sanchez Pizjuan bezalako zelai baten puntuak eskuratu gura dituen talde batek ezin du horren txarto zaindu bere atea. Azken bost jardunaldietan gol bi bakarrik jaso ostean, Unai Emeryren taldeak hiru minutu nahikoak izan zituen Gorka Iraizozen atea zulatzeko. Gauza handirik egin barik, gainera. Baloi luzea jo, eta Athleticeko atzelariak zein atezainak kale egin zuten. Horrela ez dago inora heltzerik. Ez sailkapeneko zazpigarren postua eskuratzerik eta are gutxiago kopa txapelketa irabazterik. Alde horretatik, Aymeric Laportek ez du Valentziarik aurka jokatzerik izango, txartel horia merezimendu osoz ikusi eta partidu bateko zigorra bete beharko duelako. Sanchez Pizjuanen ikusitakoaren arabera, baliteke Laportek ezin jokatzea ostegunean San Mamesen albiste ona izatea Valverderen taldearentzat.

Norgehiagoka erabakigarria izango Valentziaren aurkakoa. Ostegunean jakingo dugu Athleticek aukeraren bat duen Liga txapelketan zer edo zer egiteko. Sevillaren zelaian galtzea aurreikusitako aukeren barruan badago ere, datorren denboraldian Europan jokatu gura duen talde batek ezin du huts egin etxean, aurkaria edozein izanda ere. Ligako estropada azken luzean sartuta dago eta Athleticek ez du harrapatu ziabogaren osteko lehen olatua. Aurrerantzean, baina, traineru zuri-gorriak aldameneko ontziek baino olatu gehiago hartu behar ditu. Ez da erraza izango, baina atzetik datorrenak ezin du hutsik egin. Ez dago aitzakiarik. Aipamen bi amaitu aurretik. Zorionik beroenak emakumezkoen taldeari Bartzelona liderra mendean hartu duelako, nortasun itzela erakutsita. Besarkada handi bat Arrate Oruetari. Azkenik, Lezamako harrobiko lana goraipatu gurako nuke. Aste Santuan jokatutako hainbat txapelketetan, Athletic Euskal Herriaren enbaxadore bikaina izan da. Irabazi zein galdu, talde zuri-gorriek jarrera bikaina erakutsi dute, kiroltasuna eta gizalegea beste edozein baloreren gainetik jarrita. Atletico Madril edota Portugalgo Sporting mugaren beste aldean daude.