Kontuz ibili dadila Vila-real! esan zidan Athletic zale batek San Mamesen Almeriaren aurkako partidua irabazi ostean. Esaldi horrek garbi adierazten du zaleen euforia denboraldiko azken txanpara begira. Hamar jardunaldi geratzen dira liga txapelketa amaitzeko eta dagoeneko ez dugu begiratzen sailkapeneko behealdera, mailari eusteko borrokan buru belarri sartuta dauden taldeek zer egin duten ikusteko. Egia esateko, begiratzen dugu, bai, baina Añibarro, Boveda, Garitano eta enparauen egoeraz kezkatuta.
Ernesto Valverderen taldea lan itzela egiten ari da bigarren itzulian. Zuri-gorriek partidu bakarra galdu dute azken bederatzi jardunaldietan -Bartzelonaren aurka San Mamesen- eta hogei puntu eskuratu dituzte hogeita zazpitik. Hori gutxi balitz, blaugranen aurkako norgehiagoka kenduta, Gorka Iraizozek hiru gol baino ez ditu jaso zortzi partidutan. Bolada historiko honi esker bost puntura jarri da sailkapeneko zazpigarren postua, txapelketa amaitzeko hamar jardunaldi geratzen direnean. Malagaren emaitzei gehiegi begiratu barik, Athleticek bere eskuetan du datorren denboraldian Europan jokatzeko txartela eskura-tzea. Ez da erreza izango, baina azken jardunaldietako bidetik jarraituz gero Valverdek Europan sartuko du taldea bigarren urtez jarraian. Hurrengo partidu biak, Sevilla eta Valentziaren aurkakoak, erabakigarriak izango dira.
Kirol emaitzak onak direnean, futbol talde bateko ustezko arazo guztiak desagertu egiten dira. Ezerezean geratzen dira. Gaur egun inork ez du gogoratzen zelan doan Frantziako Liga irabazteko borroka eta Marsellako Olympique taldeak irabazi ala galdu duen. Era berean, inork ez daki Asier Illarramendik jokatzen duen ala Gatibu entzuten ematen dituen bere unerik gozoenak Madrilen. Iturraspe ez dagoenean San Josek jokatzen du eta nafarrak jokatzerik ez duenean Beñatek gidatzen du taldea zelai erdian. Orain ez dugu inor behar plantila indartzeko. Etxeita, Beñat eta Williams izan dira fitxaketarik onenak, Iraola, San Jose eta Guillermo ahaztu barik.
Aritz Adurizek ez zuen jokatu Almeriaren aurkako partidua baina egia esateko ez genuen faltan bota taldeko golegile nagusia. Orain dela bi hilabete hondamendia izango zena, egun anekdota bat baino ez da. Aduriz barik, Athleticek dozena erdi gol sartzeko aukera garbiak izan zituen Almeriaren aurkako partiduko lehenengo zatian. Nolanahi ere, Aduriz ondo etorria izango da Sevilla eta Valentziaren aurkako partiduetarako.
Iñaki Williams da taldeko izar berria. Ernesto Valverdek lehen taldera deitu zuenean, inor gutxik espero zuen aurrelari gaztearen errendimendua hain bikaina izango zenik. Williamsek haize freskoa eta zorroztasuna eman dizkio Valverderen taldeari. Aurrelari nafarraren distirak bigarren maila batean utzi du Guillermo Fernandez eta sarritan gutxietsi egiten dugu bilbotarraren lana bere taldekidearenarekin alderatzen dugunean. Guillermo hamar urterekin heldu zen Lezamara eta hogeita bost partidu jokatu ditu lehen taldearekin. Gutxik batzuk osorik. Athletic zale guztiok harrobi zaleak bagara eta ustez halaxe behar du izan, pazientzia eduki behar dugu Lezamatik datozen jokalari gazteekin. Guillermo jokalari ona da eta Athleticen urte askotan joka-tzeko dohainak ditu.
Ezin amaitu Kopa txapelketako finala aipatu barik. Gauza bat badakigu: Athletic eta Bartzelonaren arteko lehia ez da Santiago Bernabeun jokatuko. Bihar batzarra dute Madrilen talde bietako ordezkariek eta Espainiako federazioko arduradunek. Bernabeu baztertuta, nire uste apalean aukera bikaina dago finala San Mamesen jokatzeko eta horren alde egin beharko luke Athleticek. Historikoa eta itzela izango litzateke.