HAMAIKA jardunaldi geratzen dira liga txapelketa amaitzeko eta Athleticek indartsu ekingo dio azken txanpari. Zuri-gorriek ez zioten hasiera ona eman denboraldiko estropadari eta aurkariekiko denbora asko galduta iritsi ziren bigarren ziabogara. Valverde patroiak, ostera, erritmoa bizitzeko agindu die bere gizonei eta traineru zuri-gorria atzetik aurrera ari da eta sasoi betean ekingo dio azken txanpari olatuen indarra baliatuta. Lehen itzuliko zalantzak eta ikarak desagertu dira eta Athletic bere benetako maila ematen ari da.
Bigarren itzuliko zenbakiak esanguratsuak dira oso. Ernesto Valverderen taldeak hamazazpi puntu eskuratu ditu azken zortzi jardunaldietan. Lehen itzuliko hemeretzi partiduetan, hemere-tzi lortu zituen. Zuri-gorriek bost puntu erdietsi zituzten lehen itzuliko lehen zortzi jardunaldietan. Bigarren itzuliko partidu horietan, ostera, hamazazpi puntuko uzta lortu du taldeak. Gainera, kontuan hartu behar da Athleticek ez duela Real Madrid eta Bartzelonaren aurka jokatuko txapelketa amaitzeko gera-tzen diren hamaika jardunaldietan. Valverdek, San Josek, Etxeitak eta enparauek oraindik ere sailkapeneko behealdera begira-tzen dutela esan badute ere, dagoeneko Athletic zaleok Malagari begira gaude, zazpigarren postua eskuratzea baita taldearen helburu nagusia ligan.
Athleticek sufritu egin zuen Balaidosen garaipena eskuratzeko, bai, baina sufritzen ere jakin egin behar da. Ernesto Valverderen gizonek lan serioa eta onuragarria egin zuten lehenengo zatian. Celtak ezin izan zuen arriskurik sortu Iraizozen ate aurrean eta Aduriz eta enparauek bi bider zulatu zuten aurkariaren atea. Futbola oso sinplea da. Sendo atzealdeak eta zorrotz aurrealdean. Ez dago gehiago eskatzerik. Bigarren zatian, ostera, egoera okertzen hasi zen. Berizzok Santi Mina aurrelaria zelairatu zuen, Orellana hegaletik barrura ekarrita. Horrekin batera, Athleticeko jokalariek bere itsasargia galdu zuten Adurizek zelaia utzi zuenean. Valverderen taldeak ez zuen gol gehiago behar, ordurako bi sartuta zituelako, eta teorian ez zuen gehiegi igarri behar aurrelari donostiarraren falta. Aduriz, baina, taldeko golegile nagusia baino gehiago da Athleticen eta bere taldekideen errendimenduak behera egin zuen aurrelariak zelaia utzi zuenean. Edozein kasutan, sufrituta izan bazen ere, Athleticek eutsi egin zion aldeko markagailuari. Seguruenik, partidu hau duela hilabete jokatu bazen, zuri-gorriek ez zuten garaipena eskuratuko. Bolada kontua izango da.
Aritz Aduriz barik jokatuko ote ditu Athleticek hurrengo partiduak? Itxaron dezagun prest egotea Valentziaren aurka San Mamesen. Taldeko gol egile nagusiaren hutsunea garrantzitsua izanda ere, egun ez da duela sei bat aste bezain larria. Williamsek eta Guillermok erakutsi dute duintasunez ordezkatu dezaketela taldekidea. Eibarren jokatutako partidua da adibiderik onena. Hori bai, Aduriz barik beste era batera jokatu beharko du Athleticek. Aduriz barik baina Ander Iturraspegaz jokatuko ditu Athleticek hurrengo partiduak. Abadiñokoak atzean utzi ditu belaunean izandako arazoak eta jokalari garrantzitsua izan daiteke ligako azken txanparako. Beñat ere bikain ari dela kontuan hartuta, Valverdek buruko minak izango ditu erdialdea osatzeko, Rico eta San Joseren lana ere oso ona delako. Ondo etorriak arazo horiek. Almeria dator San Mamesera zapatuan. Aukera bikaina da Granadak, Cordobak eta Elx-ek utzitako zapore garratza ahazteko.