EGURALDIAREKIN batera aldatu da Athleticen egoera. Zazpi egun nahiko izan dira botila erdi hutsik ikustetik erdi beterik ikustera igarotzeko. Lainoak desagertu egin dira zerutik eta eguzkiak indartsu jotzen du. Europa Leaguetik kanporatuta geratu izana kolpe handia izan zen Athletic zaleentzat. Askok ez zuten konfiantzarik Valverderen taldearengan eta San Mames ilusioa galduta zegoen. Olatu artean ibili arren, baina, ontzi zuri-gorria ez zen hondoratu. Valverdek gogor eutsi zion lemari eta lehoiek irauli egin dute aspaldiko dinamika negatiboa. Eibarren eta Bartzelonan seriotasun handiz jokatu eta garaipenak eskuratu ostean, Athletic olatu gainean heldu zen Real Madrilen aurkako partidura. Arratsalde gogoangarria bizi genuen San Mamesen. Iturraspe, San Jose eta Laporte barik jokatu arren, lehoiek menderatu egin zituzten galaktiko aberatsak. Gogoaren indarra. Talde bakarra egon zen zelaian. Athleticekoa izatearen harrotasuna indartuta atera da eta gauzak beste era batera ikusten dira orain. Sailkapeneko beheko alderantz begiratu beharrean Europara begiratzen dugu barriro. Kopako finala irabaztea ere gertuago ikusten dugu. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.
Aldaketa bikain honen gakoak aztertzeko orduan, nabarmentzekoa da jokalariek zein entrenatzaileak erakutsitako sendotasuna. Kritika zorrotzak jaso arren, ez dute amore eman eta ez dira zuloan erori. Ernesto Valverderi berea eman behar zaio. Arriskatu egin zuen Torinoren aurkako kanporaketako itzuliko partiduan eta ez zuen asmatu. Kikildu beharrean, gauza bera egin zuen hurrengo partiduetan eta gauzak ondo atera dira. Iñaki Williamsi titulartasuna eman dio, Muniain erditik zelairatu du eta Iraola erdialdean sartu du. Hiru aldaketa hauek erabakigarriak izan dira Athleticen susperraldian. Williamsek sakontasuna, indarra eta dinamismoa eman dio taldearen erasoko jokoari eskuinetik, erditik zein ezkerretik jokatuta. Hori gutxi balitz, lan itzela egiten du defentsan.
Iker Muniainen errendimenduak hobekuntza itzela izan du ezker hegala utzi eta erditik jokatzen duenetik. Jokalari honek zerikusi gutxi du denboraldi hasieratik ezinean ibili denarekin. Hauxe da taldeak behar duen Muniain. Gazte bi hauekin batera, beterano batek bultzatu du taldearen itxuraldaketa. Ernesto Valverdek zelai erdian jarri du Andoni Iraola eta usurbildarrak aberastu egin du taldearen jokoa, aurrerantz zein atzerantz.
Taldeko jokalari bat beste guztien gainetik nabarmentzekotan Aritz Aduriz litzateke, inolako zalantzarik gabe. Berak zabaldu zuen kopako finalerako bidea Bartzelonan eta berak sarturiko gol antologikoak eman zion garaipena taldeari Real Madrilen aurka. Sasoi betean dago eta taldeko ikur nagusia da.
Ez litzateke bidezkoa izango taldeko langile nagusien ekarpena nabarmendu barik uztea. Athleticek ez du golik jaso Liga txapelketako azken lau jardunaldietan, Gurpegi, Etxeita, Mikel Rico, San Jose eta enparauen lan itzelari esker, Iraizoz ahaztu barik noski. Eta taldea fisikoki txarto zegoela ziotenek barkamena eskatu beharko liokete Jose Antonio Pozanco prestatzaile fisikoari.
Hamabi jardunaldi geratzen dira Liga txapelketa amaitzeko eta Athleticen helburuak zeharo aldatu dira lehiaketa honetan. Sailkapeneko behealdera begiratzeari utzi eta zazpigarren postua dute helburu zuri-gorriek. Hori lortzen bada, kopa titulua be hurbilago egongo da.