DENBORALDIKO partidurik onena, serioena, ederrena eta biribilena eskaini digu Athleticek Espanyolen aurka. Inor gutxik ematen zuen txakur txikirik Valverderen taldearen alde baina zuri-gorriek finalerako txartela erdietsi dute eta ondo merezita gainera. Oztopo guztien gainetik eta denboraldi gora-beheratsu baten ostean, talde honek bizirik dagoela erakutsi du eta itzalita zegoen ilusioa berpiztu du zaleen artean. Valverdek esan duen legez, finala edonon jokatuta ere, Athleticek Bartzelonak baino zale gehiago mobilizatuko ditu. Athletic sentimendu bat delako. Cornellan jokatu zuten hamalau jokalarietatik hamabi, Lezamako semeak dira. Harrotasuna.

Gauza asko gertatu ziren Espanyolen aurkako partiduan eta guztiak batera gainera. Beti esan dudan legez, futbola oso sinplea da eta Athleticek partidu bat irabazteko egin beharrekoa egin zuen Bartzelonan: Sendotasuna erakutsi defentsan eta zorroztasuna erasoan. Valverdek apustu gogorra bota zuen finalerako txartelaren bila. Entrenatzaileak garbi ikusi du Muniainek askoz gehiago ematen diola taldearen jokoari barrutik jokatzen duenean. Williams gaztea aukeratu zuen Txingurrik ezker hegalerako, Viguera eta Ibai alde batera utzita. Iraola zelai erdian zelairatu zuen partidu hasieratik. Aldaketa guztiak onuragarriak gertatu ziren Athleticentzat eta zuri-gorriek ez zieten aukera txikiena ere eman Sergio Garcia eta enparauei.

Muniainek entrenatzailearen laudorioak jaso zituen partiduaren atarian. “Ondo ala txarto jokatu, Iker oso garrantzitsua da guretzat, ez baita inoiz ezkutatzen”, esan zuen Valverdek. Txantreako jokalariak galoiak hartu ditu azken partiduetan. Gusturago ari da erditik hegaletik baino eta bere errendimendu ona erabakigarria izan da taldearen jokorako. Zer esan genezake Adurizen gainean. Donostiarrak zabaldu zion finalerako atea taldeari, berak sortu eta sartu zuen golean. Williams gazteak ondo merezita eskuratu du titulartasuna, eskuinetik, erditik zein ezkerretik jokatuta bizitasun eta zorroztasun handia ematen diolako taldeari, defentsako lan ona ahaztu barik. Iraola ez da lehengoa -normala den legez- baina egun ere aberastu egiten du taldearen jokoa. San Josek eta Ricok lan itzela egiten dute erdialdean eta atzealdean inork ez zuen Laporteren hutsunea igarri.

Ez dakigu non jokatuko den finala. Florentinok ez du nahi Bernabeun jokatzea eta neuk ere ez. Eta ez dut Sevillan edo Valentzian jokatzea gura. Ederra izango litzateke Athletic eta Bartzelonaren arteko finala San Mamesen jokatzea. Keinu ederra izango litzateke Bartzelonaren aldetik. Eta Katedralean ez bada, Nou Campen joka dadila. Athletic zaleak nagusi izango gara bertan jokatuta ere. Hori bai, Espainiako erregea ez litzateke oso eroso egongo.