ERNESTO Valverderen taldeak garrantzi handiko garaipena eskuratu du Rayo Vallecanoren aurka. Adurizek partidua amaitzear zegoela sartutako golak arnasa hartzeko aukera eman dio talde zuri-gorriari Liga txapelketan. Hiru puntuen garrantziaz gain, Rayo Vallecanoren aurkako partiduak zein aurreko ostegunean Torinon jokatutakoak argi eta garbi erakutsi digu Athletic bizi-bizirik dagoela. Arazoak ez dira desagertu, ez, eta zuri-gorriek arazo itzelak dituzte aurkariaren atea zulatzeko. Nolanahi ere, Ernesto Valverderen gizonek gorputz eta arima jartzen dute belar gainean eta ekinak saria izaten du. Arazoak arazo, Athleticek esku eskura dauka Europa Leagueko final zortzirenetarako txartela eta urrats bat ematea geratzen zaio Kopa txapelketako finalean egoteko. Ez da gutxi, denboraldi “makala” egiten ari den taldearentzat.

Inflexio puntu bezala hartu dezakegun partiduaren bila ari gara Athletic zaleok. Sailkapeneko zulotik erabat urrunduta ikusi gura dugu taldea eta lehenbailehen gainera. Ez dakit Rayo Vallecanoren aurkako partidua inflexio puntua izango den baina garbi dago Ernesto Valverderen taldea hobeto ari dela bigarren itzulian. Bost partidutik bakarra galdu du, Bartzelonaren aurka San Mamesen. Bi berdindu ditu, Malagaren aurka etxean eta Granadan eta garaipena eskuratu du Levanteren zelaian eta Rayoren aurka San Mamesen. Gainera, Bartzelonaren aurkako partidua kenduta, Iraizozek gol bakarra jaso du gainerako lau partiduetan eta Levante, Granada eta Rayo ez dira Athleticen atea zulatzeko gauza izan. Egia da, bai, hobekuntza ez dela zaleok nahi bestekoa. Valverderen taldek arazoak ditu partiduak irabazteko baina zuri-gorriak aurkari zailak dira edozein talderentzat.

Hiru hilabete geratzen dira 2014-15 denboraldia amaitzeko eta hemendik aurrera partidu guztiek garrantzi itzela izango dute. Horixe errepikatuko dute behin eta berriro entrenatzaileak partidu aurreko prentsaurrekoetan. Athletici dagokionez, hurrengo zazpi egunetan jokatuko dituen hiru norgehiagokak erabakigarriak izango dira, benetan. Europa Leagueko final zortzirenetarako txartela dute jokoan etzi Torinoren aurka San Mamesen. Hiru egun beranduago, datorren domekan, Ipuruan jokatuko dute bost partidu jarraian galduta dagoen Eibarren aurka, sailkapeneko behealdetik urruntzeko garrantzitsua izango den lehian. Azkenik, Kopa txapelketako finalerako txartelaren bila zelairatuko dira lehoiak Espanyolen zelaian hurrengo ostegunean.

Ernesto Valverdek ondo kudeatu beharko du bere plantila hiru erronka horiei aurre egiteko. Athleticeko entrenatzaileak Susaeta, Aduriz eta Balentziaga barik ekin zion Torinoko partiduari. Zer egingo du osteguneko partiduan, joanekoan bina berdindu eta hurrengo faserako txartela eskura izanda? Ikusteko dago baita zelan planteatuko duen Valverdek italiarren aurkako partidua. Comunalen, aldatu egin zuen ohiko sistema eta hiru zentral zelairatu zituen italiarren jokoari aurre egiteko. Aldaketa onuragarria izan zen oso. Athleticek mendean hartu zuen Torino eta kanporaketa erabakita uzteko zorian egon zen. Torinok berdin jokatuko du San Mamesen eta ia Valverdek zelan erantzuten dion.

Torinoko partiduaren aurretik eta Aduriz barik ganera, ez genuen txakur txikirik emoten Athleticen alde Europan. Bina berdinduta, ordea, final zortzirenetan ikusi gura dugu taldea. Horretarako ezinbestekoa izango da zaleriaren babesa. Rayoren aurkako lehia erabakigarritzat jo arren, isiltasuna nagusitu zen harmailetan partiduko tarte gehienetan. Hori ez da bidea. San Mames sutan ipini behar dugu guztion artean.