futbola oso sinplea da. Partiduak irabazteko aurkariak baino gol gehiago sartu behar dira. Jokoak zati bi ditu. Defentsa eta erasoa. Biak ondo egitea ezinbestekoa da sailkapeneko goialdean egon nahi duen edozein talderentzat. Bietariko arlo baten txarto ibiliz gero, ostera, denboraldia gurutze-bide bilakatu daiteke. Gutxienez, oreka bat mantendu behar da amildegitik ahalik eta urrunen mantentzeko. Athleticek arazo itzelak ditu aurkariaren atea eraso-tzeko orduan. Zuri-gorriak gogotsu aritzen dira zelaian baina ez dira gauza biderik aurkitzeko aurkariaren atera hurreratzeko. Valverderen gizonen ezintasuna kezkagarria da benetan. Erdialdeak ez du jokorik sortzen eta hegaletako jokalariek -jokatzen duenak jokatzen duela- ez dute minik egiten. Jokoak ez dauka sakontasunik, pase gehienak galdu egiten dira, erdiraketak txarrak dira eta buruz burukoetan zuri-gorriek ez dute ia inoiz aurkaria gainditzen. Gol bat sartzeko itxaropenak Aritz Adurizen izena darama. Erasoko jokoaren egoera hain larria izanda, defentsan egindako edozein hutsegite oso garesti ordaintzen da. Hauxe da Athleticen errealitate gordina denboraldiko une erabakigarrian.

Espanyolen eta Granadaren aurka jokatutako azken partidu biek min handia egin dute. Norgehiagoka biak berdinketarekin amaitu baziren ere, Ernesto Valverderen taldeak erakutsitako ezintasuna eta inpotentzia zaleen artera zabaldu dira. Kopako finalaurrekoan, Espanyolek goitik behera menderatu zuen Athletic bigarren zatian eta aukera bikaina galdu zuen finalerako txartela eskuratzeko. Los Carmenesen, Valverderen taldeak aukera itzela galdu zuen hiru puntu eskuratu eta arnasa hartzeko ligan. Hori guztia, hamar gizonekin amaitu zuen sailkapeneko azkenaren aurka.

Guztiok galdetzen diogu geure buruari zelan irauli daitekeen Athleticek bizi duen egoera. Zer egin beharko luke Valverdek taldearen jokoa berpizteko? Entrenatzaileak jokatzeko aukera eman die plantilako gizon guztiei Kike Sola, Toquero, Bustinza eta Aurtenetxe kenduta. Zelain erdian, Iturraspe, San Jose, Mikel Rico, Beñat, Oscar de Marcos, Unai Lopez eta Aketxe aritu dira eta konbinazio guztiek an-tzeko emaitza eman dute. Hegaletan, Muniain eta Susaeta titularren errendimendua oso makala da. Ondorioz, Athleticek ez du minik egiten hegaletatik, arean Ligako errematatzailerik onena izanda. Ibai Gomez eta Viguerak ez diote ezer ematen taldeari Valverdek zelairatzen dituenean eta Guillermok eta Williamsek ez dute ezer erakusteko aukerarik izan. Kontuak kontu, Valverdek plantilak eskaintzen dizkion baliabide gehienak erabili ditu emaitza onik lortu barik. Gauzak horrela, orain arte erabilitako formulak onurarik ekartzen ez badu, agortuta badago, entrenatzaileak ez luke baztertu behar jokatzeko estrategia aldatzea. Ez diot esango Valverderi zelan jokatu behar duen baina argi eta garbi dago taldeak ezin duela horrela jarraitu, erasoko jokoari dagokionez behin-tzat. Europa Leagueko kanporaketako lehen partidua jokatuko du Athleticek etzi Torinon. Gogorra egiten zait esatea baino aitortu behar dut, gauzak dauden moduan egonda, garrantzi handiagoa ematen diodala datorren domekako Rayoren aurkako partiduari San Mamesen Torinoko norgehiagokari baino. Ernesto Valverdek berak aitortu du taldeak nekatuta amaitu zuela Granadan. Normala. Entrenatzaileak badaki Aduriz eta beste batzuk atsedena hartu behar dutela. Italiako partidua aukera ona izan daiteke joka-tzeko bide berriak jorratzeko.