SAN Mamesen irabazi ezinik jarraitzen du Athleticek. Nolanahi ere, egun taldeak bizi duen egoerak ez du zerikusirik duela bi aste Malagaren aurka berdindu ostean zuenarekin. Bartzelonak 2-5 irabazi zuen Katedralean baina Ernesto Valverdek partidua amaitu ostean esan zuenez, blaugranek zabaldutako zauriak ez du odol askorik eragin. Beste era batera azaltzeko, Messi, Neymar eta enparauen aurka galdutako partiduak zapore gazi gozoa utzi du Athletic zaleon artean. Garbi dago etxean galtzea mingarria dela beti baina Bartzelonaren nagusitasunaren aurrean gauza gitxi egin daiteke. Valverderen gizonek gorputz eta arima jarri zuten bedartzan lehenengo minututik Luis Enriqueren taldeari aurre egiteko. Bartzelonari irabazteko, baina, gauza asko gertatu behar dira batera eta hasieratik garbi geratu zen zuri-gorrien indarra eta kemena ez zirela nahikoa izango punturen bat eskuratzeko. Iraizozek jasotako bost goletako bi zuri-gorriek sartu izanak garbi erakusten du zortea ere aurkariaren alde egon zela.
Ernesto Valverdek ausart ekin zion partiduari eta bere gizon onenak jarri zituen hasieratik, hiru egun beranduago Kopa txapelketako finalaurrekoetako joaneko partidua izan arren. Apustua ez zitzaion ondo atera entrenatzaileari baina egin beharrekoa zen. Inork ez zuen ulertuko Aduriz edo Muniain ordezkoen aulkian uztea.
Aldaketa batzuk iragarri ditu entrenatzaileak biharko partidurako baina zoritxarrez aitortu beharra dago Valverdek ez daukala zer aukeratu askorik ordezkoen aulkian jesarrita dauden jokalarien artean. Azken jardunaldietan ikusitakoaren arabera, Viguerak eta Ibaik misterraren konfiantza galdu dute. Zelai erdian ere, Ricok eta San Josek berriz jokatu beharko dute. Zer esango dugu Adurizen ganean. Donostiarrak bai ala bai jokatu beharko du Espanyolen aurka. Gauza bera egingo du erdi herrenka ari den Oscar de Marcosek. Peoi gitxi dira hainbeste borrokaldirako.
Bartzelonaren aurka galdutako partiduak adiskidetu egin ditu taldea eta zaleria. Esan beharrik ez dago batasun hori ezinbestekoa izango dela biharko partiduan. Espanyol aurkari deserosoa da beti Athleticentzat baina beldur barik esan dezakegu lehoiek aukera bikaina dutela Kopa txapelketako beste final baterako txartela eskuratzeko. Honelako aukerak ezin dira alferrik galdu. Golik ez jasotzea izango da gaurko helburu nagusia. Horretarako, burua hotz mantenduz eta kontzentrazioa galdu barik jokatu beharko dute lehoiek perikitoen aurka.