GORDERIK dauzkat etxean alabek eskolako lehen urteez geroztik egindako lanak. Marrazkiak, margoetan bustita osatutako esku-arrastoak eta ume-idazkuntzako ariketa bitxiak jasotzen dituzte gomatxoez dekoratutako karpeta handiek. Noizbait bota egin beharko ditut, baina ez orain, oraindik ez. Izan ere, lantzean behin atera eta begiratzen ditugu lanok elkarrekin; niri halako emozioa sortzen dit, eta beraiei barre-gurea.

Joan den astean, lerro-buru deigarria zekarren egunkariak: Finlandiako eskola-sistemak eskuzko idazkuntza baztertu egingo du datorren ikasturtetik aurrera, eta haurrei teklatua zuzen eta artez erabiltzen irakatsiko diete. Notizia osorik irakurtzeko amua zen titularra, beste hainbatetan bezala, amarru hutsa. Izan ere, kaligrafia da, eta ez eskuzko idazkuntza, apurka-apurka gutxitu egingo dutena.

Letra txarra izan dut nik beti. Eskolan forma biribil eta homogeneoak sortzen irakatsi zidaten, baina berehala ahaztu nuen irakaspen hori. Letra txikikoa izan nintzen garai baten, eta bat-batean, letra-forma handiak egiteari ekin nion, eta baita letra larriak eta xeheak nahasteari ere, auskalo zergatik. Eskolan ez zidaten erakutsi, baina nire kasa ikasi dut eskuz idatzitakoak barru-barruko zerbait erakutsi ohi duela, iragazirik gabeko jarioak askarazten dituelako, teklatuak baino askoz errazago nire kasuan. Ni ez nintzateke naizena izango eskuzko idazkuntza askearen bitartez kanporatu ditudan mamuak uxatu izan ez banitu. Ez nukeen ulertuko gaur egun ulertzera iritsi naizena eskuz idatzitako egia horiek guztiak irakurri izan ez banitu. Eskuz idazteak ahots propioa entzuteko bidea erakutsi dit, naizenaren geografia interpretatzen dituen mapak marraztekoa.

Aldartearen arabera, pentsatzeko, sentitzeko, nire buruarengandik urruntzeko edo nire burua aurkitzeko nahitaezkoa zait eskuz idaztea. Horregatik, bada, deigarri egin zitzaidan Finlandiako notizia iragartzen zuen lerro-burua, eta arrazoi berberarengatik lasaitu ninduen albistea irakurtzeak. Idazten dudana naizelako, diodana baino askoz gehiago.