Badakit gai honek sutan jartzen nauena, odola dirakit, baina halaxe da. Begiak ixten ditugu gure inguruan tragediak eta injustiziak gertatzen direnean, eta ohituta bezala sentitzen gara, baina gero eta zaurgarriago bilakatzen ari gara, gero eta defentsa gutxiagoren jabe gara, eta edozein huskeriarengatik, korrupzioaren paradisuan bizi direnek, terrorismoaren edota antisistemaren konstelazioan sartzen gaituzte.
Ildo horretatik at bizi nahi dugunon kontrako jarrera naziak dira oso. Madrilen Kataluniaren independentziaren aldeko ekitaldian sartu ziren horien lagunak, faxismoaren apostoluak, ejertzitoari deika hasi dira orain, Espainia zatiezin-tzat joaz, batasun handi eta librea aldarrikatuz, aspaldi izugarri hartan egin zuten bezala. Gaur egungo balizko Europako gizarte moderno eta etikoagoan, horrelakoak aditzea beldurtzekoa da, eta are beldurgarriagoa izango da, inork honen gisako erradikaltasunari ateak ixten ez badizkio. Espainiako gobernua erabat geldirik lotzen bada oso susmagarria izango da, eta argi dago kontu hau ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Gaur egun ere Grezian, sekulako arazoa dute tribu horretako jendailarekin.
Neurtzeko haga ez da guztiontzat berdina, inondik inora. Eta sutan jartzen nauen gaia hartuko dut berriz hemen, nataz eta azukrez beterik. Izan ere, ustelkeriaz aberastu den Yolanda Barcina tartaz betetzeagatik 5 eta 9 urte arteko kartzela zigorrak eskatzen zaizkien lau auzipetuak azaroaren 18an epaituko dituzte.
Merenge zuriz pintatu zioten aurpegia, eta jantziak zikindu, eta horrexen truke, ekintzaile hauek, naturaren defentsan aritzen diren hauek, 5 eta 9 urte arteko kartzela zigorrak jasan beharko dituzte? Gerra sakro-santa burutzeko ejertzitoari deika dabilena lasai oheratzen da gauero, eta AHTren kontrako aldarrikapena egiteko nata (arma erabat suntsi-tzailea) erabiltzeagatik hainbat urtetako kartzela?
Agintariengandik eta bere lagunengandik prepotentzia eta proportzionaltasunik eza baino ez ditugu nozitzen, eta horri gehitu beharko dizkiogu larritasuna sor-tzen duten egoera hauek. Nora goaz?