ILEA apaintzaileak esan zidan, ilea mozten zidan bitartean: Konturatu zara arbelaz inguraturik gaudela? Ze arbela? galdetu nion, tutik ere ulertu gabe.
Azaldu zidanez, hiriko kale guztietan arbelak daude orain, lehen ez bezala. Komertzio guztiek atera dituzte arbelak eskaintzen berri emateko: kafea euro batean; gosaria 2,50 euro; asteazkenetan zerbezak 2x1... Esan zidanetik ez dut besterik ikusten, arbelak han eta hemen eskaintzak iragarriz. Eta ez bakarrik taberna edo kafetegietan. Aurrekoan, arropa denda batean praka batzuk ordaintzen nengoela, saltzaileak, irribarre zabal bat ezpainetan, "jantzi basikoetan" zuten beherapenaz hitz egin zidan. Eta ni harrituta geratu nintzen, lehen ez baitzidaten aurpegira begiratzen ere.
Argi dago krisiaren eraginez, bere burua saltzeko ahalegina egiten ari dela enpresa asko. Beste batzuk, aldiz, egoeraz kexatzeko erabili ohi dute denbora guztia, beste ezer egin gabe, garai hobeak etorriko diren esperantzaz.
Antzeko zerbait gertatzen da krisi pertsonalekin. Batzuek, banandu ostean (edo zehatzago esateko, bikoteak uzten dituenean), beraien minean kizkurtzen dira, triku baten antzera, euren buruari pena eman arte. Badaude beste batzuk, aldiz, Fenix hegaztiaren moduan errautsetatik berpiztu egiten direnak. Eta onartu behar dut ikaragarri gustatzen zaidala azken hauek begietan erakusten duten distira berri hori antzematea. Esna daude, hara eta hona begira, bat batean inguruan jende asko dagoela konturatu balira bezala: jendea zeinekin maitemindu, ondo pasatu, zerbeza bat hartu, pasioz beteriko elkarrizketa bat izan? Eta guzti horren gainetik, badagoela pertsona bat, bakoitzaren burua, egunero seduzitu beharrekoa.
Hauek arbela atera eta klarionarekin "Kaixo, hemen nago" idazten ikusten ditudanean, poza sentitzen dut. Hor daude, batzuek esaten duen modura, merkatuan berriz ere, baina kontuz, nahastu barik, horrek ez baitu esan nahi eskaintzan daudenik.