BIZI ditugun garaiek bultzatu baino gehiago akuilaturik, ahantzita edo utzita nituen interesak, edo inoiz izan ez ditudanak, berreskuratzen ditut egunetik egunera ia konturatu gabe. Batzuetan jakinmina berriro piztu didatena ez da bizi dugun garaia (krisi ekonomikoaz hitz egiteko erabili ohi den eufemismoa), bestelako kasualitate bitxiren bat baizik.

Horrela gertatu zait, adibidez, euskal musika mota batekin: nire telebistak bere kabuz (arras independiente eta burujabe da nire telebista zaharra) aukeratzen dizkidan kateen artean Hamaika Telebista topatu nuen orain dela hiruzpalau hilabete, eta guztiz zaletu naiz. Arrazoia ez da bakarra (beste egun baterako utziko ditut gainerakoak), baina bideo musikalena lehen postuetan jarri behar dut zalantzarik gabe. Utzita nuen nik euskal musika mota batekiko atxikimendua baina orain, ustekabean, galdutakoa arrapaladan etorri zait gainera. Aitortu behar dut oraindik buruan dudana multzo formagabea besterik ez dela; pasa den astean, adibidez, lagun batek eskandalizaturik entzun zidan talde eta musikarien zerrenda bat osatzen (Seiren, Ken Zazpi, Emon, Yogurina Borova, Gose...), elkarrekiko zerikusirik ez baitute adituen ustez, baina nik, haur baten modura, kantatzen hasi naiz poz-pozik "esnekiak gogoko ditut", "ez du zentzurik" eta beste gauza absurdoagoak, agian jadanik modaz pasata egongo direnak. Hortik ditudan lagun musikazaleekin elkartzeko gogo bizia dut, ea argiren bat pizten didaten deskubritzen ari naizen mundu berri horretako labirintoan ez galtzeko. Nik, jakina, entzuten eta ikusten (bideoak dira) dudanaren gainean nire iritziak ditut, baina ikastaro pare bat behar dut fundamentu gehiagorekin hitz egiteko. Nire lagun batzuek, gainera, ez dute serio hartu nire zaletasun berri hau, arraro begiratzen naute eta baten bati perbertsio hitza ere entzun diot.

Paul Krugman ekonomilariari eginiko elkarrizketa irakurtzen ari naiz (beste interes berri edo behartu bat, batek daki) baina alboratu dut Lauroba izeneko talde baten bideoa ari direlako jartzen.