LUKAS Papadimos Grezian eta Mario Monti Italian. Badirudi gobernuetako lehen karguetan egoteko ez dela jadanik politiko profesionalik izan behar, badirudi gobernua eratzeko ez dela jadanik hauteskunderik behar. Papandreuk erreferendumaren mamua pasea-tzera atera zuenean, askok, kontra egiteko, betiko argudio aristokratikoa atera zuen: herria ez dagoela prestaturik erabaki handi horiek hartzeko, beraz, arduragabekeria dela herriari galdetzea eta herria arazo zail horietan nahastea, herritarren buru lasaiak horrela neka-tzeak ez duela ezertarako balio, atsekabeak handitzeko bakarrik. Idea horretatik demokraziak ez duela ezetarako balio esatera doan bidea laburra da. Bagenekien gero eta gutxiago balio zuela demokraziak baina orain arte forma baztuk gorde izan dituzte, gutxienez.

Espainian parlamentua eta gobernu burua aukeratuko da igandean. Atzeraturik dabil Espainia, oraindik ez badute jarri gobernu buru teknokrata horietako bat. Zutabegileren batek proposatu berri du Rajoy eta Rubalcaba ahantzi eta Miguel Ángel Fernández Ordóñez gobernu buru izendatzea, nazio osoa batu, hauteskundeak ahantzi eta ekonomiaz dakien bat, ideologiarik gabe (sic), MAFO, hain zuzen ere, guztion nagusi jartzea. Bagenekien ekonomia eta merkatuak zirela benetako agintearen jaun eta jabe; orain arte atzean gelditu dira, baina argia behar omen dute landareek bezala.

Euskal Herrian ahaleginak egin beharko genituzke garai berrietara egokitzeko, bestela berandu iritsiko gara azken modara; ea indenpendentziak harrapatzen gaituen hauteskundeak eta gauza zaharkitu horiek egiten oraindik. Euskal Herrian baditugu teknokratak, asko, teknokratak esporatu ahal ditugu, Deustuko Unibertsitatea teknokraten sehaska izan da beti. Nik uste dut Mario Fernández izendatu beharko genukeela lehendakari bihar bertan, EAEkoa hasieran eta gero Nafarroako Erresuma Zaharreko Euskal Errepublikakoa. Zeinek, kutxa guztien megakutxaren zuzendariak baino hobeto, zuzenduko du gure herriaren destinoa aurrerakuntza eta hazkundearen bidean?