Futbola nire bizitzaren zati garrantzitsua izan da beti. Hondino gogoan daukat ume txikia nintzala Errege egunean oparitu eusten lehen baloia edota Athleticen lehenengo elastikoa. Bost bat urte nebazala Iribar handia ikusi neban Gaztelun, Bermeon, eta liluratuta, arnasa hartu ezinik geratu nin-tzan. Gogoan daukadaz Itxas Gane zaharreko partiduak, Kaiku, Abio, Boni, Maguregitarrak eta enparauak zelaian zirala. Ez dot inoiz ahaztuko nire aitaren arpegia Danik penalti jaurtiketea huts egin ebanean Kopako finalean Betisen aurka edota Bettegak UEFA txapelketako finalean San Mamesen sartu eban gola. Ahaztuezinak baita Clementegaz irabazitako Liga biak eta kopea eta oraintsuago Valentzian jokatutako Kopa txapelketako finala. Oroitzapen ederrak guztiak.
Astegoienero hiru bat futbol partidu ikusten dodaz eta egia esateko gero eta gogorrago egiten jat futbol zelai batera joatea. Hasteko, nire uste apalean onartuezina da futbol partidu baten normaltzat joten dana: arbitroa iraintzea. Edozein partidutan edozein arbitroren edozein erabagi nahikoa da txistudunaren ama gogoratzeko. Eta hau ez da nagusien mailako partiduetan bakarrik gertatzen. Jubenil, kadete eta eskola mailako partiduetan be sarri gertatzen da. Orain dala gitxi, gazte mailako partidu bat zuzentzen eban arbitro gaztetxoak Ertzaintzari deitzeko eskatu eban, ikaratuta egoalako etxeko taldeko jokalarien jarrera erasokorra ikusita. Lotsagarria benetan. Astegoienero ehundaka futbol partidu jokatzen dira Bizkaian eta guztietan arbitro bat behar da. Arbitroekiko jarrerea aldatzen ez bada, egunen baten partidu asko jokatu barik geratuko dira epailerik ez dagoalako.
Kezka handia sortzen deust baita, partidu askotan jokalariek erakusten daben agresibidade maila. Futbol partidu bat baino, testosterona txapelketa bat ikusten gagozala pentsa geinke. Aulkitik ganera, entrenatzailea, "gogor" sartzeko eskatzen. Sarritan pentsetan dot zer ete dan gogor sartzea edo zer ete dan entrenatzaileak eskatzen dauena.
Zelaian zein harmailetan egoten dan agresibitatea onartuezina da. Zer edo zer egin behar da horren aurka. Errespetuaren eta duintasunaren mugak ezin dira gainditu. Ezin da normaltzat jo eta ezer egin barik geratu. Errealidade horren erantzuleak edo errudunak guztiok gara. Hasteko gurasook garrantzi handiegia emoten deutsagu garaipenari. Nire semea edo alabea munduko onena da eta irabazi egin behar dau beti. Dana dala garbi geratu daitela guraso gehienak ez dirala horrelakoak.
Entrenatzaileek zer esan handia daukie biolentzia eta agresibidadea futboletik atarateko ahaleginean. Hasteko, eskertu egin behar da euren lana, gehienek ez dabe-eta txakur txikirik irabazten, futbolean zein kirol gehienetan. Talde bateko jokalarien jarrerea entrenatzaileak markatzen dau. Jarrera hori ez da bardina izango entrenatzailea Mourinho ala Guardiola bada edota Valverde ala Caparros bada. Urrunago joan da, futbol taldeetako direktibek be zer esan handia dauke. Klub guztietan estilo liburu bat egon beharko litzateke, deitoragarriak diran jarrerak zehaztuta eta kiroltasunaren alde eginez.
Ez dot uste gehiegi eskatzea danik. Guztion artean ahalegin sakona egin behar dogu futbolak dituen arlo ilunak aldatzeko. Hasi gaitezan datorren zapatu-domekako partiduetan.