ARO, garai berriak omen datoz. Hala ere, iragan hurbileko, gainditu ezinezko ajeek hartzen dute nagusitasuna, behin eta berriz. Markinan, esate baterako, itun bat dela bitarte Bilduk hartu du alkatetza, ez dago istilurik, indarrean dauden arauak errespetatuz egin da guztia. Herritar batzuek, alkatetza eskuratzeko boto gehien eskuratua zuten arren, ez dute nahi zuten helburua lortu. Alabaina, ez diote bizkarra eman agintari berriari.

"Tira! Halaxe dira kontuak! Herritar are gehiagoren babesa lortu beharko da etorkizunean alkatetza eskuratuko bada" diote. Bestaldean, aldiz, alkatetza eskuratu berri dutenen aldekoen artean, poza da nagusi. Inork ez ditu lapurtzat hartu, inork ez ditu iraindu, bazterrean utzi edota bizimodua zaildu, aurrekoetan etengabe gertatu izan den bezala.

Elorrion, EAJ alderdiak eskuratu du alkatetza, ez dago itunik tartean. Gainerako ia herri-erakunde guztietan egindako gauza bera egin du han ere alderdi honek, bere egitasmoa aurkeztu du, herritarrei proposatutako horrekin aurkeztu zen hauteskundeetara, beraz, gertaera normala da. Nagusitasuna lortu du. Alabaina, Elorrioko Bilduren jarrai-tzaileen aldetik jasotako erantzuna etsigarria izan da, beste behin. Bizkarra eman baitiote alkate berriari, aldeko ez diren gainerako herri-ordezkariak irainduz, bidenabar.

Salbuespentzat hartuko da -zerrendarik bozkatuenak agintea ez har-tzea den bezala-, udal eta Batzar Nagusien osaketaren aurretik internet bidez barreiatutako hamaika mehatxu, ohar eta irain guztiak bezalatsu. Alabaina, niri Bilduren aldetik antzematen den, azpimarratzen den distantziak, isiltasunak deigarri gertatzen zait. Iraganeko kontuak izango dira horiek ere, akaso.

Herritarren partaidetza, herri-ordezkaritza eta demokrazia bolo-boloka darabilten inguru jakin bateko hedabideek, alderdi batzuez aritzeko orduan, baliatzen dituzten gutxiespen adierazpenak iraganeko kontuak zirela uste nuen... baina egun halaxe izaten jarraitzen dute. Halakoetan ere igarri beharko genuke batzuen aldetik horrenbeste alditan azpimarratzen den jarrera eta jokabide aldaketa, itxurak egiten ez bagabiltza, behintzat.

Lagun hurkoarekiko, desberdin pentsatzen duenarekiko herra barreiatzen segituz gero, nekez uler dezakegu elkar, bizikidetzaren alde bakoitzak dezakeen ekarpena eginez.

Iraganeko ajeen eremuan kokatzen da Bateragune auzia bera ere. Espainiako Nazio Auzitegiak antolatu duen hedabideen aurreko zirko berria. Beste bat ... batzuen usteko tinkotasuna eta besteen biktima izaera azpimarratzeko baliatuko dena.

Noiz konturatuko gara, Espainian nola Euskal Herrian, itxurakeriak, amorrua, ezintasunak eta herra bazterrean utziz, bake eta normalizazio politikoaren alde urrats sendoak eta egiazkoak eginez, gehiago dugula irabazteko?

Ezinikusietatik urruti, gauzak egiteko, herri hau eraikitzeko beste modu bat zor diegu gure atzetik datozen guztiei.

Iraganeko ajeak astintzeko sasoia da. Elkar ulertzekoa, bazterkeriarik gabe hitz egitekoa, normalizazio politikoa gertatzeko bakoitzak gure ekarpentxoa egiteko unea da. Ez diezaiegun gainerakoei galdetu zer egin behar duten, galdetu diezaiogun geure buruari zein ekarpen egiteko prest gauden ... eta egin dezagun, halako batean!