Ezin hitz aproposak topatu: mirari humano eta zientifikoa da, bere bizitzaren azken egunetan zegoen ama gaztea izaki, birika transplante bikoitza onartu zuen Euskal Herriko bigarren pertsona izan eta, 21 urte ondoren, agurra maitekiro esatea. Are gehiago, ebakuntza mota hori munduan abiatu berria zelarik, bizirik irauten zuten gutxiek bi urte gainditzear zeudenean. Tratamendu esperimental jarraiaren aurrean ahitu arteko bere ekarpenak kemen miresgarria erakutsi digu. Giza-lorpen horrek, bere familiari gozamena ekartzeaz gain, seme-alabak ikasketak buka-tzen ikusten utzi zion, eta baita bilobak jaiotzen ere. Hori guztia, honakoei esker: ONTren koordinazio-zerbi-tzu bikaina, Valentziako La Fe eta Donostiako Ospitale unibertsitarioetako puntako lantaldeak, administrazioa, ikuskaritza, aireko eta lurreko garraio-zerbitzuak, farmazia, anbulatorioa, etab. Guztien artean errealitate bilakatu zuten bai diagnostikoa, bai bi urte luzez itxaronaldian bizirautea, programaren harrera eta aholkularitza egokia eskaintzea, errehabilitazio pre- eta post-operatorioa, lehen ebakun-tza-saiakera zapuztua eta bigarrena arrakastatsua, isolamendu-gelako eta zaintza bereziko lehen urte osoa, zalantzaz beteriko hiru urte eta, zailtasunen gainetik, esperantzak bete dituen beste 17 urte. Horrexegatik, Maixus Sarasolaren senideok adierazi nahiko genuke benetan merezi izan duela pentsaezina zen marka horrek suposatu duen sakrifizioa. Egun, oraindik ere, klinikoki konplexua dena. Oraingoan publikoki, aipaturiko pertsona eredugarri eta instituzio guztiei berretsi nahi diegu gure eskertzarik handiena. Bihotz-bihotzetik.