Bai, eta oso harro sentitzen naiz. Azkenik hauteskundeak aurtengoz amaitu dira eta alderdi abertzaleak irabazle atera dira nire herrian. Gure udala bakarrik zinegotzi abertzaleek osatuko dute eta alai egotekoa da. Baina pozik ala ez?

Orain dela hogeita hamabost urte herri honetara etorri nintzen Gernikatik eta esku zabalik hartu ninduten. Hemen dauzkat familia eta lagunak eta pasadan maiatzaren 23an auzokide eta herritar guztiak nire adiskideak direla sentitu nuen. Gure herritarren (guztiona) jokaera ikusirik benetan barruko harrotasuna sentitu nuen; ez daukat inolako lotsarik adierazteko ezin nuela erabaki hobeagorik hartu Ugaora bizitzera etorri nintzenean. Egun horretan aurretik jasandako irainen, zapalkeriaren eta harrokeriaren aurrean, nire herriko bizilagunak lasaitasuna, bakea, harrotasuna eta askatasuna aldarrikatu zuten azaldutako jarrerarekin herriko plazan. Probokazio eta zirikatzearen aurrean, zutik, isilik eta tente mantendu ginen gure izaera baketsua erakutsiz. Nire mirespena herritar guztioi.

Baina seguru pozik nagoela? Ez dakit ba. Herritarren eran-tzunarekin bai, baina alderdi abertzaleen burukide nagusiek emandako erantzunarekin ez. Inork ere ez du aipatu, hobeto esanda goraipatu herri honek izan duen jarrera, mesprezua eta probokazioaren aurrean, bakarrik aipatu dute politikari zikin baten jokaera lotsagarria. Benetan penagarria. Hobe lukete eta oraindik denbora daukate lehen bait lehen nire herriko auzokideei barkamena eskatzeko eta eskerrak emateko izan duten batasuna, harrotasuna eta jokaeragatik. Nik nire aldetik eskerrik asko Ugao zarelakoa izateagatik!!! Bai harro sentitzen naiz Ugaokoa izateagatik!!