1937-2017: 80 urteko amnesia historikoa
1937an Bilbo jausi zen tropa frankisten eskuetan. Udalbatz berriak berehala ekin zion Errepublika garaiko aztarna sinboliko oro ezabatzeari, eta horren adibidea izan zen Indautxuko Eskola Taldeari kendu ziotela 1933an ipinitako “Luis Eleizalde” izena. Eleizaldek, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat zena, suspertua zuen euskarazko hezkuntza Bilboko eskoletan, Indautxukoa barru, zeinetan erakunde hark egoitza ere izana zuen. 1938an, “Generalísimo Franco” behin-behineko izena adostuko zuten, praktikan “Indauchu” izendapena mantendu bazen ere. 1961an Felix Serrano Zabalaren izena ipini zuten, magisteritza eskolako maisuaren “bertute patriotiko, erlijioso eta irakasle gisakoak” aintzat hartuz. 80 urte beranduago galdetegi bat luzatu zaie Indautxuko “Felix Serrano” eskolako familiei ea izen hori mantentzearen alde dauden, “Indautxuko Eskola” nahiago duten, berdin dien edo beste zerbait proposatu nahi duten. Galdetegiarekin batera, hala ere, jendeari ez zaio jakinarazi iritzi informatu baterako funtsezkoa den hau guztia -kutsu politikoa alboratu nahian edo-, nahiz guraso elkartearen asanbladak eta Eskola Kontseiluko zenbait kidek hala eskatu. Amnesia historikoaren aldeko zentsura! Historia ankerra errepika dadin biderik onena!