Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Deustoren ukabilkadea

Deusto klasiko bat da traineru estropadetan Euskal Herrian, Eusko Label ligan sekula aritu bakoa bada be. Urte onak eta ez hain onak tartekatu ditu baina trainerua uretan izan da beti. Aurten, Bizkaiko arraun alkarte bakarra da hiru trainerugaz, bi gizonezkoetan eta beste bat emakumezkoetan. Estropada bi baino ez dira jokatu aurtengo KAE-1 ligan eta ondorio sakonak ataratako goizegi bada be, pentsa lei aurten be Bizkaiko traineru bat eukiko dogula Eusko Label Ligara igoteko play offean sartzeko borrokan, Deustokoa hain zuzen be. Hirugarren sailkatu zan Astilleron zapatuan jokatutako lehian. Emaitza on horrek ez eban inor ezustean harrapatu Aitor Alzibarrek zuzentzen dauen ekipoak oso maila ona erakutsi eban-eta denporaldiko lehen estropadetan. Danok garbi geunkan Deustok aurrerapausua emongo ebala. Izan be, azken urteetako plantileari eusteagaz batera, indartu egin dabe ekipoa. Zapatuan hirugarren sailkatu ostean, ordu batzuk beranduago deustuarrek ukabilkadea jo eben mahai ganean Pasaiako portuan jokatutako erlojupekoa irabazita. Sarritan esan izan dot irabazteko eta irabazteko moduak dagozala. Ba domekan Deusto ganerako traineru guztien ganetik pasau zan. Ez da ohikoa ur baretan jokatutako erlojupeko baten hamabi segundoko aldea kentzea bigarrenari eta ia minutu erdikoa hirugarrenari. Eta hori guztia arraunean ederto eginda. Tomaterak garbi erakutsi dau denporaldi honetarako helburua ez dala izango maileari eustea. Bilbotarrek gorantza begira dagoz eta, barriro dinot, lehiaketea hasi baino ez bada egin be, Deusto gauza politak egiteko gauza da, helburu konkreturik ipini barik, sarritan kaltegarria izaten da-eta. Domekan Pasaiako estropada irabazi eban eskifaiako arraunlari gehienentzat euren lehenengo aldia izan zan bandera bat astintzen.

Txanponaren beste aldean, Bizkaiko talde bi agertzen dira: Kaiku eta Arkote. Plentziako trainerua sailkapeneko azken postuan sailkatu da KAE-1 ligako lehen estropada bietan, Astilleron eta Pasaian. Egia esateko, emaitza bi horreek ez dabe inor ezustean harrapau. Orain dala hilabete batzuk inork gitxik uste eban Plentzitarra uretan egongo zanik. Izan be, arraunlari askok itxi egin eben kluba eta ezinezkoa zirudien plantilea osotzea. Arkoteko arduradunek, baina, ez eben amore emon eta halan edo holan arraunlari talde bat osotzea lortu eben, harrobiko arraunlari batzukaz eta beste talde batzuetatik etorritako mutilekaz. Baina gauza bat uretan egotea da eta beste bat lehiatzeko moduan izatea KAE-1 lako liga gogor baten. Arkotek ez dau denboraldi-aurreko lanik egin eta logikoa da holan txarto ibiltea lehen estropadetan. Itxaron daigun lehiaketea aurrera joan ahala hobetzen joatea maileari eusteko aukeraren bat eukiteko.

Kaikuren kontua kezkagarriagoa da. Aurreko denporaldian Eusko Label Ligatik jaitsi ostean, zuzendaritzak entrenatzaile barria fitxau eban KAE-1 ligan lehiatzeko. Mikel Arostegik hartu eban Bizkaitarra zuzentzeko ardurea, Orion eta San Pedron aritu ostean. Bizkaiko txapelketan, denporaldiko lehen estropadan, zazpigarren sailkatu zan, denpora piloa galduta aurretik euki ebazan traineruekiko. Estropada txar bat edozeinek euki leikela pentsauta, danok uste genduan Kaiku lehiakorragoa ikusiko genduala ligan. Ba Bizkaitarra bederatzigarren sailkatu zan Astilleron eta hamargarren Pasaian, estropada biak ur baretan eta erlojupekoan jokatuta. Deustok, lehen sailkatuak, minutu ta erditik gorako aldea kendu eutson Sestaoko traineruari. Zeozer ez dago ondo Kaikun. Ez da normala holako talde bat hain makal ibiltea. Esan beharrik ez dago hobetzeko tarte handia daukala.