Garaipen epikoa lortu eban Athleticek Osasunaren aurka San Mamesen. Zuri-gorriek hiru puntuak eskuratu ebezan partiduan zehar agertutako oztopo guztiak gaindituta, Unai Simonen eta zaleriaren laguntzeagaz. Norgehiagokea zelan joan zan ikusita –sekulako tentsinoagaz– emoten eban maileari eustea egoala jokoan, lehia hil ala bizikoa zala. Hiru puntuak eskuratuta, gauzak beste era batera ikusten dira orain. Jokalariek zein entrenatzaileak zama handi bat kendu dabe lepo ganetik Osasuna menderatuta. Itxaron daigun ba, denporaldian zehar zuri-gorrien aldetik ikusi ez dogun jokoa erakustea ligea amaitzeko geratzen diran sei jardunaldietan.
Vila-realen aurka jasotako porrotak min handia egin eutson Athletici. Zaleriaren zati batek bere hasarrea erakutsi eban partiduan bertan. Handik egun batzutara, Ernesto Valverderen hausnarketaldi bat zabaldu eban Athleticek bere webean, egoerearen larritasunaz ohartatarazteko eta zaleriaren laguntzea eskatzeko Osasunaren aurkako partidurako. Antzeko zeozer egin eban Yuri Berchichek egun bi beranduago. Kontuak kontu, martitzeneko partiduak sekulako garrantzia hartu eban. Klubetik zabaldutako mezuaren arabera, denporaldiko lehiarik garrantzitsuenetakoaren aurrean gengozan. Entrenatzaile eta jokalarien agerraldien helburua zaleria biztea izan bazan, bete betean asmau eben Valverdek eta enparauek. Izan be, giro bikaina egon zan Katedralean –Txapeldunen Ligako partiduetan baino hobea– eta zaleek hasieratik amaierara arte babestu eta bultzatu eben taldea. Osasunako entrenatzaileak berak nabarmendu eban harmailetako giro itzela. Kontuak kontu, Athleticek hiru puntu baino gehiago irabazi eban Osasunaren aurkako partiduan. Izan be, taldea eta zaleriaren artean zabaldutako zauria orbanduta geratu da.
Ernesto Valverde ez da aldaketa nabarmenen laguna eta bere konfiantzazko gizonen aldeko apostua berretsi eban Osasunaren aurkako partidu erabakigarrirako. Hori bai, Oihan Sancet ordezkoen aulkian itxi eban, Berenguer zelairatzeko Guruzetaren atzetik. Athleticek betiko lez ekin eutson lehiari, atzean sartuta itxaroten eutson aurkariaren kontra. Erasoan beste munduko gauzarik egin barik, zuri-gorriek markagailuan aurreratzea lortu eben eta bigarren gol bat be sartzeko zorian egon ziran lehen zatian. Bigarrengoan panoramea goitik behera aldatu zan. Osasunak aurrerapausua emon eban bardinketaren golaren bila eta zuri-gorriek atzerantz egin eben. Urduritasuna eta gehiegizko tentsinoa igarri jaken Valverderen gizonei. Horregaz batera, gurditik tiretu behar daben jokalariak desagertuta egozan. Entrenatzaileak aldaketa hirukotxa egin eban nafarren oldarraldiari aurre egiteko baina gauzak ez ziran aldatu. Eta taldeak gehien behar ebanean agertu zan Unai Simon. Garbi esan daiteke atezainari esker irabazi ebala Athleticek. Gurutz-bidea ez zan hor amaitu. Laporte lesionatu, Yuri Berchichek zelaitik urten behar izan eban arnasa hartu ezinik egoalako, Yeray erdi errenka eta Mikel Jauregizarrek txartel gorria ikusi eta epaileak zortzi minutuko luzapena agindu. Zelaian bederatzi jokalari ta erdi zituala jokatu eban Athleticek azken minutuetan, baina 47.000 zaleren babesagaz eutsi egin eutson garaipenari. Ikustekoa zan Ernesto Valverderen urduritasuna aulkian. Ez genduan joko onik ikusi baina martitzenekoa partidu handia izan zan Katedralean.