Denporaldia ez da amaitu
Sarritan esan dogu, porrot guztiak ez dirala bardinak futbolean, puntu barik geratzeko moduak eta moduak dagoz-eta.Athleticek partidu bi jokatu dauz aurreko astean eta biak galdu ditu 0-1eko emaitzeagaz. Halanda be, Donostian eta San Mamesen jokatutako lehiek itxitako zaporea edo sentsazinoak oso ezbardinak izan dira. Anoetan, denporaldiko partidurik garrantzitsuenean, Athletic ezinean ibili zan kanporaketea iraultzeko ahaleginean. Zuri-gorrien joko makala ikusita, ezinezkoa zirudien gol bat sartzea aurkariaren atean, hiru egunez jokatzen egonda be. Autortu behar dot, Anoetako deskalabrua ikusita, eta hurrengo aurkaria Bartzelona liderra zala ikusita -Atletico de Madrid 3-0 menderatzetik etorren kopako beste finalaurrekoan- denporaldia amaitutzat emon nebala. Ondorioz, inoiz baino ezkortasun handiagoagaz eta etsitzen hasita joan nintzan zapatuan Katedralera -eta nire moduan milaka Athletic zale- ez nebalako uste zuri-gorriak liderrari aurre egiteko gauza izango ziranik. Zorionez, baina, oker nenbilen. Izan be, Ernesto Valverderen gizonek aspaldiko partidurik onena jokatu eben Bartzelonaren aurka, betiko osagarriak jarrita lapiko barruan: intensidadea eta amorrua lehen minututik, San Mamesen historikoki izan dan moduan. Eta lehen minutuan izandako jokaldiak erakutsi euskun -Joao Cancelo baloia bere atean sartzeko zorian egon zan- partidu ederra ikusiko genduala.
Bartzelonaren erakustaldi ugari ikusi doguz Katedralean. Ez dot sekula ahaztuko, 1990-91 denporaldian -Euskaldunon Egunkarian beharrean hasi barritan- Stoichov, Begiristain, Bakerok eta enparauek Javier Clementek zuzendutako Athletici emondako pasadea, Ernesto Valverde bera zelaian zala. Gehienetan, ostera, Bartzelonak asko sufridu dau beti San Mamesen eta belarri ondoko ederrak jasota itzuli izan da etxera. Sekula ez dogu ahaztuko Aritz Adurizek sartutako azken golari esker lortutako garaipen gogoangarria. Edota superkopako lehian lortutako 4-0ekoa.
Zapatuko partiduan ez genduan Espainiako liga txapelketaren liderraren erakustaldirik ikusi San Mamesen. Bigarren zati osoan eukitako gol aukera garbi bakarra baliatuta eskuratu eban garaipena Hansi Flicken taldeak. Ernesto Valverdek bere taldearen erreakzinoa itxaroten eban Anoetako porrotaren ostean eta jokalariek erantzun egin eben lehen minututik, aspaldiko partidurik serioena eginda. Argi eta garbi esan daiteke Athleticek ez ebala galtzea merezidu. Punturik lortu ez arren, Bartzelonaren aurka egindako lan ona baliagarria izango da ligea amaitu bitartean jokatu beharreko partiduetan.
Hamaika jardunaldi geratzen dira, hogeta hamahiru puntu jokoan, eta Athleticek bizirik ditu Europarako sailkatzeko aukerak. Ganera, baleiteke datorren denporaldian nazioarteko txapelketetan jokatzeko aukera eukiko daben taldeen zerrendea normalean baino luzeagoa izatea, kopako txapelketako finala Atletico de Madridek irabazten badau eta Espainiako ligako taldeak Txapeldunen Ligako azken fasean sartzen badira. Kontuak kontu, denporaldia itxuratzeko aukerea daukie hondino zuri-gorriek, urte gorabeheratsu baten ostean. Ez da futbol aditua izan behar Athleticek zer hobetu behar dauen zehazteko. Oinarrizko kontuetan emon behar dabe aurrerapausua: zorroztasuna erakutsi aurkariaren ate aurrean eta sendotasuna atzealdean. Hori lortzen badabe ez dira Europarako sailkatzetik urrun ibiliko.
