Kezkatzen hasteko modukoa
Getaferen aurkako partiduan izandako porrotak min handia egin deutso Athletici. San Mamesen galtzea gogorra da beti, baina porrot batzuk beste batzuk baino mingarriagoak dira, zelan gertatu diran kontutan izanda, batez be. Izan be, Ernesto Valverderen gizonek partidu negargarria egin eben Getaferen aurka. Partidu osoan ia ez eben arriskurik sortu aurkariaren ate aurrean eta lehen zatiaren ondarrean egin eben lehen jaurtiketea. Bigarren zatian be, gauzak ez ziran aldatu, Valverdek aulkitik zelairatutako jokalariek ezer gitxi emon eutsoelako taldearen erasoko jokoari. Hori guztia gitxi balitz, aurkariek gauza gitxi egin behar dabe Unai Simonen atea zulatzeko. Ganorabako gol ugari jaso ditu Valverderen taldeak azken partiduetan, Alaves, Mallorca, Quarabag edota Getaferen aurka. Futbol partiduak area bietan erabagiten dira eta Athletic ez dabil bape fin ez batan ez bestean. Liga txapelketako hamar partidu jokatuta, bederatzi gol bakarri sartu ditu talde zuri-gorriak eta hamar jaso. Ganera, jokalari bat bera be ez da gol bi sartzeko gauza izan.
Quarabagen aurkako partidua inflexino puntua izan behar zala esaten neban eta Athleticek garaipen garbia eskuratu eban Azerbaianeko taldearen aurka. Aurrepausu bat emon ostean, baina, hurrengoa emon behar da goranzko joereari eusteko. Athleticek, ostera, huts egin dau Getaferen aurkako partiduan, San Mamesen ganera. Liga txapelketaren sailkapenera begiratu ezkero, Athletic bederatzigarren postuan dago hamalau puntugaz, sailkapeneko laugarren postutik lau puntura, gorantz begiratzen badogu. Beherantz begiratuta, jaisteko postuetan dagoan Valentzia bost puntora dago. Ganera, Athleticek ez dau partidurik jokatu Real Madrid, Bartzelona edota Atletico de Madriden aurka. Zuri-gorriek bost punto bakarrik lortu dabe azken zazpi partiduetan eta lehen hiru jardunaldietan lortutako hiru garaipenei esker mantentzen dira sailkapeneko erdialdean.
Agian goizegi da argi gorriak edo alarmak biztuten hasteko baina garbi dago Athletic ez dagoala ondo eta ez daukala zerikusirik igazko talde sendoagaz. Getaferen aurkako partiduaren osteko prentsaurrekoan, Ernesto Valverde entrenatzaileak lehenengoz autortu eban, taldea ez dagoala igaz lez. Kezkatuta agertu zan, etsipen punto bategaz.
Ez dot esango Athleticek hondoa jo dauenik Getaferen aurkako partiduan, baina garbi daukat zapatuan erakutsitako ezintasunak zeozer mobidu dauela talde barruan. Ordura arte danok pentsetan genduan Valverderen taldeak gorantz egingo ebala, bolada txarra egun batetik besterik gaindituko ebala. Bordalasen taldearen aurkako porrotak, eta barriro dinot, galtzeko moduak, zalantza ugari sortu dauz taldearen inguruan.
Zergaitik galdu dau Athleticek azken denporaldian erakutsitako sendotasuna? Erantzun gatxa daukan galderea da hori. Nire uste apalean, taldeko jokalari garrantzitsuenen sasoi makalak zerikusi zuzena dauka kolektiboaren errendimenduan. Nico Williams eta Oihan Sancet desagertuta dagoz eta jokalari bi horreek barik Athleticen erasoko jokoak asko galtzen dau. Williams anai gazteak denpora asko daroa partidu on bat jokatu barik. Ezinean ibili da Katedralean jokatutako azken partidu bietan eta txistu batzuk be entzun behar izan ditu. Gauza bera esan daiteke Iñaki Williams eta Alex Berenguerren ganean, euren maila onenatik oso urrun dagoz-eta. Azkenik, Robert Navarro eta Gorka Guruzetaren ekarpenak gora behera handiak ditu. Orokorrean, Athleticeko inor ez dabil igazko moduan. Reala eta Newcastle dagoz zain, etxetik kanpo ganera. Mahai ganean ukabilkada bat emoteko aukerak.
