Eztanda egin ezinik
Athleticek zaleok dezepzionauta geratu gara zuri-gorriek Elx taldearen zelaian egindako partiduagaz. Emaitzea alde batera itxita, Valverderen gizonen errendimendua itxaroten genduana baino makalagoa izan da. Aste biko atsedenaldiaren ostean eta erasoko jokalari garrantzitsuak errekuperauta, danok itxaroten genduan Athletic sendo eta indartsu bat Martinez Valeron. Denporaldi hasiera gora-beheratsuaren ostean, danok uste genduan aurreko denporaldian erakutsitako joko bikaina berreskuratzen hasiko zala Valverderen taldea. Errealidadeak, ostera, kontrakoa erakutsi deusku. Izan be, etxeko taldea nagusi izan zan jokoan eta Athleticek baino aukera gehiago euki ebazan -askorik bez- garaipena eskuratzeko. Ikusitakoa ikusita, ontzat emon geinke azken jardunaldian lortutako puntua.
Beste alde batetik, eta Athleticek egindako partidu txarrari aitzakiarik bilatzeko asmorik barik, futbolean badira azalpen errazional gatxa daukien faktoreak. Inork ez daki ondo zergaitik, baina estadio batzuk beste batzuk baino erosoagoak dira Athleticentzat. Estadistikak dinosku, zuri-gorriek historikoki emaitza on gitxi lortu dabela Elx taldearen zelaian jokatutako partiduetan. Are gitxiago norgehiagoka eguerdiko ordubietan jokatuta.
Elxen jokatutako partiduak argi erakutsi deusku taldeko jokalari garrantzitsuenak euren maila onenatik urrun dagozala hondino. Burditik tiretu behar dabenak ez dabilz bape-bape fin. Oihan Sancetek hamazazpi gol sartu ebazan aurreko denporaldian jokatutako hogeta hamasei partidutan. Aurten, ostera, bakarra daroa zortzi partidutan. Horretaz ganera, gauza gitxi emon deutso taldearen jokoari. Desagertuta dago. Ezinean. Eta, jakina, taldeak asko igarten dau haren hutsunea. Lesino txikiak kateatu dauz liga hasieran eta bere maila onenatik urrun dago. Athleticek polbora barik dauka bere armarik onenetakoa.
Antzeko zeozer esan geinke Nico Williamsen ganean. Ondo dagoanean, ikaragarri arriskutsua da aurkariarentzat. Kontua da, ez dagoala ondo. Valverdek partiduaren ostean esan eban aurrelaria oso justu heldu dala Elxren kontrako partidura, entrenamendu ta erdi eginda, hain zuzen be. Gauza gitxi behar dau arriskua sortzeko -azken partiduan berak egindako jokaldi batetik etorri zan Athleticen aukera garbiena- baina orain arte baino askoz gehiago emon behar deutso taldeari. Itxaron daigun, lehiaketa erritmoa hartzen joan ahala, Nicoren bertsinorik onena ikusten hastea. Sancet eta Nico Williams barik, Athleticen erasoko jokoak asko galtzen dau.
Beste alde batetik, Iñaki Williamsen errendimentu eskasa, kezkatzen hasteko modukoa da. Halandabe, ez daigun ahaztu, hau be lesino bat gainditzetik datorrela. Beraz, hoberantz egin behar dau derrigor, txarrerantz ezin dau-eta. Robert Navarro eta Guruzeta desagertuta dabilz eta Berenguer be ez da aurreko urteko jokalari erabagigarria.
Athleticek partidu biribil bat behar dau orain arteko makaltasunetik urteteko eta biharko Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldiko partidua aukera bikaina da horretarako, Valverderen taldeari futbolean jokatzen ez jakola ahaztu erakusteko. Zuri-gorrientzako ezinbestekoa da garaipena eskuratzea Quarabagen aurkako partiduan Txapeldunen Ligako hurrengo faserako sailkatzeko aukerak bizirik mantentzeko. Arsenal eta Borussia Dortmunden aurka galdu izana normaltasunaren barruan sartu badaiteke be, Athleticek ezin dau huts egin bihar San Mamesen. Irabazi egin behar dau, bai ala bai eta horretarako, jakina, bere bertsinorik onena emotea ezinbestekoa izango da. l