Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Traineruak lurreratu eta hausnarketarako tartea

Amaitu da aurtengo traineru denporaldia –azken urteetako luzeena– eta esan beharrik ez dago hori kolorea izan dala nagusi. Oriok lortu dituen emaitzak bikainak izan dira eta gatxa izango da etorkizunean aurten ipinitako markak hobetzea. Iker Zabalak zuzendutako ekipoak hamasei garaipen eskuratu ditu Eusko Label Ligako hogei jardunaldietan. Estropada txar bakarra egin dau denporaldi honetan. Uztailaren 12an, Donostiako badian, horiek minutu erditik gora galdu eben irabazlearekiko. Galdutako beste hiru estropadetan, sei segundura geratu ziran Pasaian, 1,68ra Lekeition eta seira Getarian. Ganera, ekainean jokatutako hiru txapelketak be oriotarrentzat izan dira eta Kontxako banderea be bai. Kontuak kontu, traineru horiak erakutsitako nagusitasuna erabatekoa izan da Zabalak talde gipuzkoarrean bete dauen lehenengo urtean. Ikusitakoa ikusita eta hurrengo denporaldirako Oriok taldea indartu egingo dauela garbi eukita, esan beharrik be ez dago zein talde izango dan faborito nagusia 2026an be.

Orioren nagusitasuna erabatekoa izan arren, urtea ez da aspergarria izan. Izan be, traineru denporaldiaren erakargarritasuna ez da Eusko Label Ligearen ohorezko txandara mugatzen. Estropada ederrak ikusi doguz TKEko lehen txanda bietan, KAEn zein ETEn. Arraunketea ez da banderak eskuratzeko lehia bakarrik.

Kontu bi datorren denporaldiaren ganean. Alde batetik, entrenatzaileek estropadetan ontziratu beharko daben harrobiko arraunlarien gitxieneko kopurua bostekoa izango da, aurten baino bat gehiago eta igaz baino bi gehiago. Beraz, TKEko klubek, onartutako araudi barriagaitik baino ez bada be, arraun taldeek sendotu egin beharko dabe harrobiaren aldeko apostua. Arau hori bete beharrak baldintzatu egingo dau zenbait talderen errendimendua Eusko Label Ligan. Zierbena, Bermeo eta Donostiarrak harrobiko lau arraunlari ontziratu ditue ligako estropada ia guztietan eta burukominak eukiko dabez datorren urtean beste bat sartzeko.Kontua ez da kopurua, arraunlarien mailea baino. Oriok normalean bost erabili izan ditu eta handik gora ganerako euskal traineruek, Lekittarrak, Ondarroak, Getariak, Hondarribiak eta San Juanek.

Beste alde batetik, egutegiaren ganeko hausnarketea zabaldu dabe TKEko klubek kirolariarentzat erakargarriagoa izan daiten. Egia da, ia lau hilabete luze igaro dirala lehen estropada ofiziala jokatu zanetik, Mundakan Bizkaiko txapelketea, azkena jokatu arte, joan dan domekan Portugaleten. Egia esateko, ez dot errez ikusten denporaldia goizago amaitzearena. Kontxako Banderea irailaren lehen domeka bietan jokatuko da, bai ala bai. Inor ez da ausartuko ezer ikutzen. Aukera bakarra, beraz, Eusko Label Ligako azken jardunaldi biak eta play offak aurreratzea litzateke. Bermeoko estropadea Santa Eufemia egunean –irailak 16– edo inguruan jokatu izan da beti. Gauza bera esan geinke El Corte Ingles bandera klasikoaren ganean. Play offei jagokenean, barriz, ez da lojikoa parte hartzaileek horrenbeste denpora itxaron behar izatea ligako azken estropadatik promozinoa jokatu bitartean. Horren konponbidea ez dot hain gatx ikusten.

Eta etorkizunera begira hausnarketa sakona merezi dauena KAE-2 ligea da. Klubek zer edo zer asmau behar dabe gainbehera penagarrian murgilduta dagoan brontzezko mailea berbizteko. Ez dogu ahaztu behar arraunlari gazte gehienek maila horretan eukiten dabela lehen hartu emona traineruagaz.