Hilabete eskas geratzen da traineru denporaldia amaitzeko eta pentsa lei erabagi beharreko guztia erabagita dagoala Eusko Label Ligan. Txapela Oriorentzat, Cabo jaitsiko da eta Kaikuk play offera doa. Hamalau estropada jokatuta, Oriok hamaika irabazi ditu eta sei estropadaren faltan hogeta zortzi puntuko aldea kentzen deutso bigarrenari, Zierbenari. Beraz, ezusteko handirik ezean, oriotarrek ondo bideratuta daukie euren historiako bigarren garaipena Eusko Label Ligan. Halandabe, Iker Zabala ezagututa, oriotarrek ez dabe oina azeleragailu ganetik kenduko eta jokatzeko geratzen diran bederatzi estropadak –sei ligan eta hiru Kontxan– irabaztera urtengo dabe. Izan be, denporaldia hasi zanetik hamalau estropada irabazi arren –hiru txapelkeketetan eta hamaika ligan– horien garaipen gosea hasetu barik dago. Zabalagaz ez dago atsedenik eta arraunlariekiko exijentzia eta zorroztasuna gorengoa da. Garaipenak prezio bat dauka.
Ekipo horiak, Eusko Label Ligan hamaika estropada irabazita, Bermeok aurreko denporaldian ezarritako markea ondu gura dau. Sei estropada geratzen dira jokatzeko eta hiru irabazita bardindu egingo leuke Bou Bizkaiaren errekorra eta lau lortuta, barriz, ondu egingo leuke. Ikusitakoa ikusita, ez dot uste helburua betetzetik urrun ibiliko diranik. Ez da eretxi subjetiboa. Datuak hortxe dagoz. Denporaldi hasi zanetik jokatutako hamazazpi estropadetatik hamalau irabazi ditu Oriok eta azken bederatzietatik zortzi. Martxa horretan… Halandabe, ezin ahaztu azken denporaldietan Ondarroako estropadan eguraldi aldaketak eragindako ezustekoak.
Eusko Label Ligea erdi edo guztiz erabagita egon arren, traineru denporaldia sasoi erakargarrienean sartuko da, Kontxako estropadak ate joka doguz-eta. Ekipo bakar batek eskuratzen dau banderea baina beste hainbat lehia erakargarri izaten dira irailaren lehen hamabostaldian. Lehenengoa, sailkatzeko estropadan. Normalean, Eusko Label Ligako lehen zortzi sailkatuak nagusi izaten badira be, beti egoten da ezustekoren bat. Adibidez, Kaikuk igaz emon ebana, Lekittarra eta Ondarroari aurrea hartuta. Urte gehiegi –hogetasei– igaro dira Isuntzako trainerua azkenengoz Donostiako banderan lehiatu zanetik eta zama hori pisu handiegia hartzen ari da. Ondarroak ez dau ezelango arazorik euki Eusko Label Ligeari eusteko baina gura baino irregulartasun handiagoa erakutsita. Esan beharrik ez dago, Kontxarako sailkatzea litzatekeela garraztasun hori kentzeko modurik onena Errasti eta koadrilarentzat.
Eta aurten –azken orduko ezustekorik ezean behintzat– Bizkaiko traineruak nagusi izango dira Eusko Label Ligara igoteko play offean. Kaiku, Santurtzi eta Arkote, Galiziako ligako lehen sailkatu bien aurka lehiatuko dira, Chapela eta Tiranen aurka hain zuzen. Kontxarako sailkatzeko estropadea termometro ona izaten da bost lehiakideen mailea testatzeko. Eta ez dogu ahaztu behar abuztuko azken asteburuan jokatuko dan ARC-1 ligara igoteko play offa. Portugalete lehiatuko da bertan, ARC-2ko zulotik urteteko ahaleginetan. Lastima ez dogula Bizkaiko trainerurik izango Euskotren Ligara igoteko promozinoan, Kaiku, Ondarroa, Deusto, Isuntza eta Portugalete uretan lehiatzen ikustea pozgarria bada be.
Beste alde batetik eta Kontxako banderara begira, Orio faborito nagusia izango bada be, ikusteko dago zein aurrerapausu emon leikien Zierbenak eta Bermeo-Urdaibaik euren errendimenduan, Eusko Label Ligako estropadekaz alderatuta, harrobiko arraunlariak ontziratzeko kupoa betetzeko betebeharra euki barik. Kontuak kontu, eta traineru denboraldiak hori kolore garbia hartu badau be, gozatu daigun geratzen dira estropadetan.