Urtero bezala, Bilboko Udalak Bilbobusen ordutegia aldatuko du datorren asteazkenean, uztailaren hasierarekin batera, udako ordutegira egokituz. Aldaketa abuztuaren 31ra arte egongo da indarrean, eta zerbitzuak udako ohituretara eta premietara egokitzea du helburu.

Autobusen udal zerbitzuak, beraz, ordutegiak eta maiztasunak aldatuko ditu erabiltzaileen urteko sasoi honetako egoerara eta premietara egokitzeko. Horrela, Bilbobusen linea batzuetan aldaketa txikiak egingo dira, udan bidaiari gutxiago edukitzen dituztelako. Adibidez, bost eta hamar minutu bitarteko aldaketak izango dira maiztasunetan eta, kasu batzuetan, aldaketak lehenengo eta azken zerbitzuan egingo dira.

Ordutegi berriak non eskuratu

Udako ordutegi berriaren eta gautxorien xehetasun guztiak, Bilbobuseko markesinetan kontsulta daitezke, baita BioBidek bezeroei arreta emateko duen bulegoan ere (Poza Lizentziatua, 8). Bilbobusen aplikazioaren bidez ere jakin ahal izango dira ordutegi berriak. 010 Bilboko Udaleko informazio telefonora deituta ere kontsultatu daitezke ordutegiak.

TAO zerbitzua

Bestalde, Bilboko TAO zerbitzuak udako ordutegia hasiko du astelehenean eta ordutegi hori abuztuaren 31ra arte luzatuko da.

TAO zerbitzuko makina bat. B. U.

Hala, uztaileko eta abuztuko larunbatetan ez da zerbitzurik izango. Gainera, abuztuan, erabiltzaileek ez dute ordaindu beharko autoa arratsaldez aparkatzeagatik. Hau izango da abuztuko ordutegia: 9:00etatik 13:30era Bizitegi Eremuan eta 14:00etara arte Eremu Intentsiboan.

Uztailaren 31n eta abuztuaren 28an, jaiegunak direnez, ez da TAO zerbitzurik egongo. Zerbitzua irailaren 1ean hasiko da berriro ohiko ordutegian.