Ezin esan Athleticek hasiera txarra emon deutsonik 2025-26 denporaldiari, aspaldiko partez garaipena lortu dau-eta lehen jardunaldian. Hortik aurrera, gauza asko esan daitekez taldeak erakutsitako jokoaren edota sendotasun eskasaren ganean. Bale. Baina garbi daukat hobetu beharreko kontuak hobeto aztertzen eta jorratzen dirala zorroan hiru puntu izanda, esku hutsik atarata baino. Beraz, ezer baino lehen poztu gaitezan Athleticek garaipen bategaz ekin deutsolako denporaldiari, zer hobetu asko dagoala garbi eukita. Hori bai, garbi dago urteko sasoi honetan lehen mailako talde guztiek eukiko dabela zer hobetu.

Baikortasun handiagaz joan nintzan domekan Katedralera. Ez dakit ondo zergaitik, baina seguru nengoan Athleticek menderatu egingo ebala aurkaria, denporaldi aurreko partiduetan lortutako emaitza makalei kasu handirik egin barik. Eta, bai, zuri-gorriek irabazi egin eben lehen jardunaldiko partidua, baina ez neban itxaroten garaipenerako bidea hain trabesa eta gora-beheratsua izango zanik. Itxaroten neban lez ekin eutson Valverderen taldeak partiduari, erasora begira eta Sevillari asnasa hartzeko tarterik emon barik. Hori bai, zorroztasun faltea nabaria zan erasoko jokaldietan eta aurkariak, ostera, ezer gitxi eginda, aukera garbiak sortu ebazan Unai Simonen ate aurrean. Partidua trabatuta egoala etorri zan Williams gazteari egindako ganorabako penaltia eta zuri-gorrien lehen gola. Futbolean dana aldatu daiteke segundo gitxitan. Handik minutu gitxira Maroanek sartutako bigarrenak ondo bideratuta itxi eban garaipena. Gustura jan genduan ogitartekoa atsedenaldian. Lehen zatian ikusitakoagaz inork ez eban itxaroten bigarrengoan gertatu zana. Valverderen taldea iparra galduta zelairatu zan, bapeztuz joan zan eta Lukebakiok sartutako golak berbiztu egin eban Sevilla. Andaluziarrek odola usaindu eben eta partiduaren bila joan ziran. Athletic groggy egoan, amildegirako bidean. Une horretan, partidua bina egoala eta zelaian gertatzen ari zana ikusita, ontzat emoten neban puntua denporaldiaren estraineko norgehiagokan. Valverdek be bai. Izan be, Mikel Vesga zelairatu eban bigarren gola jaso eta bost minutura, zelaian egoan desbarajustea atondu gurean. Partidua galtzeko zorian ikustetik, hiru puntuak eskuratzera igaro ginan Nico Williamsen barrabaskeri bateri esker. Emozino askotxo ordu ta erdirako.

Beste edozein konturen ganetik garaipena lortu izana ipinita –“clasificación amigo”– faltan bota neban Valverderen taldeak aurreko denporaldian erakutsitako sendotasuna eta ordena. Athleticek gol gehiegi jaso ditu denporaldi aurreko partiduetan eta domekan be gol bi jaso ebazan San Mamesen, Unai Simonen lana bikaina izanda ganera. Kezkagarria izan zan Athleticek bigarren zatian erakutsitako ahulezia. Desagertu egin zan zelaitik eta Sevillak, gauza handirik egin barik, esku-eskuan euki eban garaipena. Nico Williams eta Unai Simon erabakigarria izan baziran be, taldeko beste gizon batzuk oso urrun dagoz euren maila onenatik. Edozelan be, lasai egon gaitezan, badakigu-eta Athleticek hoberantz egingo dauela. Ea datozen egunetan gauzatzen dan Laporteren fitxaketea atzealdea sendotzeko. Gabezi nabarmena dago.

Debutarien ganean esan, Jesus Aresok asko emongo deutsola taldeari. Oso indartsua da eta min egiten daki eskoiko hegaletik. Robert Navarrok hasiera ezin hobea emon deutso bere kirol ibilbide barriari garaipenaren gola sartuta Sevillaren aurkako partiduan. Rego, etorkizun handiko gaztea da, Valverderen gustokoa.