Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Indartsuenak, itsasoa lagun

Udaldia ona ala txarra izaten ei da eguraldiaren arabera. Euskal Herrian lainoak nagusi izaten dira sarritan eta egun asko emoten doguz eguzkirik ikusi barik. Ez da aurtengo kasua. Izan be, eguzkia eta tenperatura beroak nagusi ditugu egun gehienetan. Egia esateko gogoan be ez daukat euri zaparrada eder bat ikusi neban azken eguna. Eta itsasoari jagokonez, aspalditik ez da borraska gogorrik sartu Bizkaiko Golkoan eta bare dago, ia olatu barik. Eta horrek guztiak eragin zuzena dauka traineru denporaldian, estropada gehienak ur baretan jokatu dira-eta. Eta jakina, ur baretan indartsuena nagusitzen da, normalean. Orain arte Eusko Label Ligan jokatutako hamabi estropadetan gertatutakoa aztertuta, nabaria da Orio ganerako taldeen ganetik dagoala. Hortxe dagoz, hamabi jardunalditan lortutako bederatzi garaipenak. Beste ondorio bat: estropada egunean zer edo zer berezia gertatu behar da horiak menderatuak izan daitezan. Donostian itsasoa bizi egon zan eta Donostiarrak hegaz egin eban olatuen ganetik; Pasaian erlojupekoan lehiatu ziran ontziak eta Lekeition, Zierbenak, irabazleak, beste txanda baten egin eban arraunean. Galizian jokatutako azken estropada bietan, ur baretan, ostera, Oriok barriro erakutsi eban ekipo indartsuena dala. Beraz, oriotarren aurkariek laguntza bereziren bat behar dabe haien nagusitasuna hausteko aukerak izateko. Orain arteko estropadetan indartsuenak itsasoa lagun euki dau, nahiko bare egon dalako. Olatu biziak behar doguz Eusko Label Ligea berbizteko. Zarauzko bandera ospetsua jokatuko da datorren astegoienean baina zoritxarrez iragarpenek olatu txikiak –metrotik beherakoak- egongo dirala dinoe. Arrantzale zaharrek sarritan esaten dabe Kantauri itsasoa asko apaldu dala azken urteetan. Ez jake arrazoirik falta.

Hogetalau puntuko aldea kentzen deutso Orio liderrak Eusko Label Ligako bigarren sailkatuari zortzi estropada geratzen diranean. Inork ez dau zalantzan ipinten ligea erabagita dagoanik. Oriotarrek Urdaibaik igaz ezarritako garaipen errekorra ondu gura dabe. Bederatzi daroez eta beste bost behar ditue bermeotarren markea bardintzeko eta sei hobetzeko. Orain arteko erritmoari eutsita, eta itsasoa lagun, horiek aukera handiak daukiez errekor barria ezartzeko. Baina kontuz: igaz, adibidez, Bou Bizkaiak galdu egin eban Ondarroako banderea hirugarren txandarako haizea harrotu egin zalako. Holakoak edonoiz gertatu daitekez.

Kontuak kontu, traineru denporaldia sasoi politenean sartuko da. Zarauzko banderea, urteko hitzordurik erakargarrienetakoa, jokatuko da datorren astegoienean itsaso zabalean, Zarautz eta Getaria artean. Ganera, konturatu barik Kontxako banderea ate joka dogu. Zierbenak garbi erakutsi deusku ez dabilela Eusko Label Ligaren sailkapen nagusira begira. Etapa garaipenak lortu eta Kontxara ahalik eta indartsuen heltzea da galipoen helburua. Bermeok bere lekua bilatzen segiduten dau -azken estropadetan nahiko erregular dabilela- eta kupo barik, Kontxan zer esana eukiko dauenaren esperantzaz.

Lekittarrak Donostiako badian dauka burua. Urte gehiegi dira Kontxan egon barik. Zortzigarren dago ligan eta, normalean, ligako lehen zortzirak lehiatzen dira Kontxan. Gauza bera esan geinke Ondarroaz. Sailkapeneko hamargarren postuan egon arren, nabarmen dago azken sailkatu bien ganetik. Kaikuren etorkizuna irailaren 20an eta 21ean erabagiko da Bermeon eta Portugaleten. l