Rolak banatzen hasita
Traineru denporaldia hasi baino lehen, taldearen helburuei buruz galdetuta, entrenatzaileak beti amaitzen dabe esaten, azkenean, itsasoak bakotxa jagokon lekuan ipiniko dauela. Eusko Label Ligearen sei jardunaldi jokatuta, itsasoa eta lehiaketea hasi dira traineru bakotxaren rola zehazten. Lehenengo eta behin, garbi dago Orio dala aurtengo trainerurik indartsuena, deporaldia hasi aurreko pronostiko guztiak beteta. Iker Zabalaren koadrilak lau garaipen lortu ditu sei jardunalditan eta sailkapeneko buruan dago zortzi puntuko aldea kenduta bigarrenari, Zierbenari eta hamabostekoa hirugarrenari, Donostiarrari. Edozelan be, azken asteburu biek erakutsi deuskue oriotarrak ez dirala gainditu ezinak. Donostiarrak zaparrada ederra emon eutson hirugarren jardunaldiko estropadan eta Zierbenak ezustekoan harrapau eban Pasaiako erlojupekoan. Hori bai, akulua sartu ondorengo erantzuna ikaragarria izan da, Zierbenan zein Orion.
Zierbenak denporaldiko bigarren garaipena eskuratu eban zapatuan Pasaian, ekainaren 1ean Bizkaiko txapelketea irabazi ostean. Galipoen ganean berba egiten dogun bakotxean, lehiakortasuna berbea jatorku gogora. Aurten be -azken denporaldi bietan bigarren sailkatu dira Eusko Label Ligan- oso gatx eukiko dabe ligea irabaztea, Orio aurkari oso potentea dalako, baina garbi erakutsi dabe edozein aukera baliatuko dabela horien nagusitasuna hausteko. Bitxikeri moduan esan, igaz lez, bosgarren jardunaldian heldu dala denporaldiko lehen garaipena Zierbenarentzat. Zazpigarrenean lortu eben bigarrena. Aurten zazpigarrena Getxon jokatuko da datorren zapatuan.
Asteburu iluna izan da azken hau Bermeoko traineruarentzat. Zazpigarren geratu zan Pasaiako erlojupekoan eta postu berean Orion. Egia da domekan haize asko euki ebala txandan baina alboan euki eban Donostiarrak hogei segundu kendu eutsozan. Ondorioz, ohorezko txandatik kanpo geratu da, Hondarribiak aurrea hartuta. Salsamendik sarritan esan dauen moduan, aurreko denporaldietako emaitzakaz alderatzea ez litzateke justoa izango, ez. Halandabe be, ez dot uste zazpigarren postua danik aurtengo koadrileari jagokona. Bou Bizkaiak gehiago emon leike.
Lekittarra agertzen da txanponaren beste aldean. Olatuek eta haizeak traineru askoren errendimendua mugatu egiten badabe, kontrakoa gertatzen da Lekeitioko ekipoagaz. Nagusitasunez irabazi eben euren txandea Orion, eta haizea lagun, sailkapeneko bigarren posturaino igo eben, urrezko hamaika puntu eskuratuta. Ez dot uste barriro lehen txandara jaitsiko danik. Eusko label Ligea hasi besterik ez da egin -hamalau estropada geratzen dira- baina Isuntzak hamazazpi puntuko aldea dauka promozino postuarekiko.
Ondarroak zapore gazi-gozoagaz amaitu dau astegoiena. Polito ibili zan zapatuko erlojupekoan atzetik bost traineru itxita eta Bermeotik bost segundora. Domekan, ostera, Antiguako Amak asko sufridu eban Orion haize eta olatu artean. Ez da normala traineru horrek minutu bitik gora galtzea estropada baten. Halanda be, Ondarroak zortzi puntuko koltxoia dauka sailkapeneko hamaikagarren postuarekiko. Argi gorriak biztu ez badira be, Errastiren mutilak erne ibili beharko dira amiltegira gehiegi hurreratu barik.
Kaiku sailkapeneko zulora jausi da azken jardunaldietan eta denporaldi gogorra dauka aurretik. Pasaiako erlojupekoan hamaikagarren geratu zan baina aurretik sailkatu ziran traineruetatik urrun. Domekan hiru ontzi itxi ebazan atzetik. Sailkapeneko azken aurreko postuan dago eta hobetu egin beharko dau errendimendua handik urten gura badau. Zorionak Arkoteri denporaldiko lehen garaipena lortu dauelako.