Eusko Label Ligarako bide nekeza
santurtziko Itsasoko Ama arraun taldeak bide gogor, luze eta nekezari ekin deutso aurreko astegoienean. Soterak Eusko Label Ligara itzuli gura dau orain dala urte bi mailea galdu ostean. Igaz, igoteko play offa jokatu eben Alexander Estebanen mutilek baina ezin izan eben helburua bete San Juan eta Ares indartsuagoak izan ziralako. Aurtengo KAE-1 ligea hasi baino ez da egin, estropada bi jokatuta, baina Santurtziko traineruak argi eta garbi erakutsi dau maila horretako ekiporik indartsuenetakoa dala, indartsuena ez bada.
Arestian esan bezala, Eusko Label Ligara igoteko bidea luzea, oso luzea da. Luzeegia dala esango neuke. Izan be, hamabost estropadako ligea amaitu ostean sailkapeneko lehen postu bietako ontziek play offa jokatu behar dabe goiko mailako azken aurrekoa eta Galiziako ligako traineru bi onenen aurka. KAE-1 ligako irabazleak ez dauka sari zuzenik. Mailako onena izan arren promozinoa jokatu behar dau. Ganera, zidarrezko mailako lehen sailkatu biek abuztuaren 23an jokatuko dabe ligako azken estropadea. Eusko Label Ligara igoteko estropada biak, ostera, ia hilabete beranduago jokatuko diranez, arraun talde bi horreek lau aste emongo ditue lehiatu barik, Kontxarako sailkatzeko estropadan ezustekoa emon ezean behintzat. Entrenatzailearentzat oso gatxa da tarte hori kudeatzea. Esan bezala, bigarren mailatik lehen mailara igoteko bidea oso nekeza da.
KAE-1 ligako lehen estropadetan Soterak berretsi egin dau denporaldi aurreko estropadetan erakutsitakoa. Astilleron jokatutako erlojupekoan ia 10 segunduko aldea kendu eutson bigarren sailkatuari. Alde handia da, estropadea erlojupean eta errekako ur baretan jokatu zala kontuan izan da. Santurtziko trainerua nagusi izan zan hurrengo egunean be, Pasaiako estropada eremu txikian –sei luze eta bost ziaboga– zazpi segundu kenduta bigarrenari. Hamahiru estropada geratzen dira jokatzeko baina ondo hasten danak ondo amaitzeko aukera ugari daukaz eta aurtengo Santurtzik oso itxura ona dauka. Eusko Label Ligea bi bider irabazi ostean, Itsasoko Amak urte gogorrak bizi izan ditu. Adierazgarria izan zan zan Josu Basañez, alkarteko presidentea negarrari eutsi ezinik ikustea Soterak Astilleroko estropadea irabazi ostean.
Plentziako arraun taldea 2009 urtean lehiatu zan azkenengoz TKE Ligan. Arkotek apostu sendoa egin dau gorengo mailara itzultzeko baina ezin izan dau helburua bete, aurreko hiru denporaldietan igoteko play offa jokatzeko zorian egon arren. Gorka Etxeberriaren taldeak hasiera ona emon deutso denporaldiari, erregulartasuna erakutsita. Plentzitarra hirugarren sailkatu zan Astilleroko erlojupekoan zein Pasaiako estropadan eta bigarren dago sailkapen nagusian. Hori bai, denporaldiari ekin aurretik entrenatzaile guztiek iragarten eben lez, parekotasun handia dago lehiakideen artean eta oso txikiak dira euren arteko aldeak. Hau da, bateren bat estropadaren baten lo geratu ezkero oso atzean geratu daiteke sailkapenean.
Deustuko traineruak be hasiera bikaina emon deutso denporaldiari. Aitor Altzibarrek zuzenduriko koadrila gazteak maileari eutsi gura deutso estualdirik igaro barik. Horretarako, gitxienez hiru traineru itxi behar ditu atzetik eta helburua bete egin dau ligako lehen estropada bietan. Hori gitxi balitz, alde nabarmena lortu dau sailkapeneko azken hiru ontziekiko, horrek emoten dauen lasaitasunagaz. Kontuak kontu, KAE-1 ligako gure hiru ordezkariek hasiera oso ona emon deutse lehiaketeari.