De Marcosi merezi dauen agurra emotea besterik ez da falta
Jardunaldi bat geratzen da liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek eginda ditu etxeko lanak. Izan be, Bartzelonaren aurka gertatzen dana gertatzen dala be, Valverderen taldeak sailkapeneko laugarren postuan amaituko dau denporaldia. Ondorioz, Txapeldunen Ligea jokatuko dau hurrengo denporaldian eta Espainiako superkopan lehiatuko da Bartzelona, Real Madrid eta Atletico de Madriden aurka. Hori dala-eta, zuri-gorriek ez dabez jokatuko kopa txapelketako lehen kanporaketa biak. Hori guztia gitxi balitz, bardindu egin dabe inoiz –garaipenak hiru puntu balio dauenetik– lortutako puntu kopururik handiena. 2013-14 denporaldian 70 puntu lortu ebezan orduan be Ernesto Valverdek zuzendutako taldeak. Partidu bat geratzen da erregulartasunaren lehiaketea amaitzeko eta Athleticek marka historiko barria ezarri leike Bartzelonaren aurka puntu bat ala hirurak eskuratuta. Ezin deutsagu gehiago eskatu taldeari.
Atheticentzat kolpe gogorra izan zan Europako Ligatik kanporatuta geratu izana final aurrekoetan Manchester Uniteden aurka. Galtzea baino, galtzeko modua izan zan mingarriena. Deabru gorrien aurka San Mamesen izandako istripuaren ostean, liga txapelketako bost partidu eukazan aurretik talde zuri-gorriak. Atzetik, Vila-real eta Betis oso indartsu etozela ikusita –Marcelinoren taldeak bost garaipen eskuratu ditu azken bost jardunaldietan– eta Nico Williams, Iñaki Williams eta Sancet barik, inor gitxik ikusten eban argi Valverderen taldea Txapeldunen Ligan jokatzeko postuari eusteko gauza izango zanik eta are gitxiago laugarren postuari. Ba zuri-gorrien erantzuna ezin sendoagoa izan da. Bost jardunaldi bete ditue golik jaso barik eta hiru garaipen kateatu dauz aitaturiko sendotasun horretan oinarrituta.
Valverdek Mestallan jokatu eta irabazi ostean emondako prentsaurrekoan esan eban legez, Athletic oso talde lehiakorra izan da denporaldi osoan. Zuri-gorriek bost partidu galdu dabez hogeta hamazazpi jardunalditan: Ligako bigarren jardunaldian Bartzelonaren zelaian, Atletico de Madriden aurkako biak –San Mamesen azken minutuan egindako hutsaren ondorioz–, Gironaren estadioan hiru penalti huts egiten ondoren eta Santiago Bernabeun Fede Valverdek larogeta hamahirugarren minutuan sartutako golari esker. San Mamesen, ganera, Atletico bakarrik izan da gauza Valverderen tropea menderatzeko, opari bati esker izan bazan be. Txarto ohitu gaitue aurten zuri-gorriek.
Partidu bakarra geratzen da ligea amaitzeko eta hurrengo denporaldirako bedar guztia ebagita eta lastatian gordeta badago be, zuri-gorriek garaipenaren bila urtengo dabe liga txapelduna menderatu eta Oscar de Marcosi merezi dauen agurra emoteko. Egun hunkigarria izango da domekakoa, ezelango zalantza barik, jokalari arabarrak Athleticen itxiko dauen aztarnea oso sakona izango da-eta.
Jokalariek oporraldiari ekiteko aste bete geratzen danean, hondino ez dakigu nor izango dan Athleticeko entrenatzailea hurrengo denporaldian. Danok pentsetan dogu Ernesto Valverdek beste urte betez segiduko dauela talde zuri-gorria zuzentzen –kontrakoa sekulako ezustekoa eta barri txarra izango litzateke– baina ofizialki inork ez dau ezer esan. Itxaron daigun barri pozgarria jasotea aste honetan. Imanol Alguacilek zintzo esan dau Reala izten dauela irabazteari itxi deutsolako. Ez da Valverderen kasua. Athleticek denporaldi bikaina egin dau eta patroiak ontzia zuzentzen segidu behar dau.