Zaurituta ekin eutson Athleticek Realaren aurkako derbiari, hiru egun lehenago sekulako zartakoa jaso ostean Manchester Uniteden aurka San Mamesen Europako Ligako finalaurrekoaren joaneko partiduan. Bruno Fernandesek eta enparauek zauri sakona egin eutsoen Valverderen ekipoari eta ingelesek eragindako odol-isuria lehenbailehen gelditu beharra egoan talde zuri-gorria odolustu aurretik. Egoera horretan, larri zaurituta eta oso nekatuta, ekin eutsoen bilbotarrek Realaren aurkako derbiari, eta Anoetan ganera. Hori guztia gitxi balitz, datorren denporaldian Txapeldunen Ligan jokatzeko sailkapena eskuratzeko lehian aurkari diren Vila-realek eta Betisek –andaluziarrek markagailua iraulita azken minutuetan- irabazi egin eben. Kontuak kontu, Athleticentzat asko egoan jokoan Realaren aurkako partiduan. Alde batetik, dinamika negatibo baten sartzea saihestu Manchesterrek eragindako odol jarioa geratuta, eta bestetik, sendotasuna berreskuratzea denporaldia amaitzeko geratzen diran partiduei begira. Eta hori guztia, taldeko gizon erabakigarrienak barik, Sancet eta Nico Williams jokatu ezinda egozan-eta. Aitaturiko helburu biak bete ebazan Valverderen taldeak Anoetan oso partidu serioa eginda.
Zazpi aldaketa egin ebazan entrenatzaileak Donostian zelairatu eban hamaikakoan. Egia esateko, Valverdek ez eban aukera handiegirik izan, jokalari asko errementauta edo lesionaturik egozalako. Edozelan be, hamaikako itxurosoarekin ekin eutson Athleticek Realaren aurkako partiduari. Normalean ez da futbol ikusgarririk egoten Athletic eta Realaren arteko derbietan baina domekan Anoetan jokatutakoa aspaldiko aspergarriena eta motzena izan zan. Zuri-gorriek gauza gitxi, oso gitxi egin eben aurrealdean baina sendotasun handia erakutsi eben Unai Simonen atea defenditzeko orduan. Valverderen taldeak ez eban urten garaipenaren bila, hiru egun lehenago zabaldutako zauria zarratzera baino. Egoera larrietan lehentasunak garbi euki behar dira eta arestian esan bezala, Manchesterrek zauri sakona bezain arriskutsua eragin eutson talde zuri-gorriari. Kontuak kontu, ontzi zuri-gorriak ur ganean segiduten dau Europako Ligako finalaurrekoetako lehen partiduan jasotako torpedo ingelesak itsas-hondora bialtzeko zorian egon bada be.
Aurrera begiratuta, eta denporaldiari amaierea emoteko hiru aste baino gitxiago geratzen diranean, Valverdek eta bere laguntzaileek buruhauste ederra daukie. Izan be, zuri-gorriek lau partidu jokatuko ditue hamaika egunetan, eguen honetatik hasita, Manchester United, Alaves, Getafe eta Valentziaren aurka eta teknikoek eta prestatzaileek asmatu egin beharko dabe plantilea ondo kudeatzeko orduan. Kontua da, San Mamesen 0-3 galdu ostean, merezidu dau hamaikakorik onena zelairatzea Old Trafforden –horrek suposatuko leuken exijentzi fisiko itzelagaz-, hiru egun beranduago Alavesen aurka partidu erabakigarria jokatu behar dozunean San Mamesen eta hurrengo astean ligako beste jardunaldi bi jokatu behar dozuzenean Getafe eta Valentziaren aurka? Erantzun gatxa daukan itauna da hori.
Ukaezina da Manchester Uniteden aurka jasotako kolpea oso gogorra izan dala, Europako Ligako finala jokatzeko aukerea esku-eskuan sentitzen genduan-eta. Ikutu egiten genduan. Halandabe, Athleticek harro egoteko moduko txapelketea egin dau. Garrantzitsuena da talde zuri-gorria bizi-bizirik dagoala Txapeldunen Ligarako sailkapena eskuratzeko borrokan. Eta egueneko partiduari jagokonez, ba, fedeari eutsi egin behar jako beti.