Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Baikor segiduteko porrota

Athletic esku hutsik itzuli da Metropolitano estadioan jokatutako partidutik baina Atletico de Madriden aurka galdu izana ezin da porrot bezala hartu, inondik eta inora bez. Ez dogu esango porrot gozoa izan danik –galtzea garratza da beti– baina Athleticek Metropolitanon erakutsitako jokoak baikor egoteko arrazoiak emoten deuskuz datorrenari aurre egiteko. Partiduaren ganeko kroniketan inork ez dau zalantzan ipini zuri-gorriek ez ebela galtzea merezidu. Hortxe dagoz, Iñaki Williamsek eta enparauek izandako aukera garbiak Jan Oblaken ate aurrean. Holako zelaietan, baina, gol aukerak sartu egin behar dira eta Simeonek berak partidu osteko prentsaurrekoan autortu eban lez, suerteak Atletico de Madriden alde jokatu eban zapatuko partiduan.

Metropolitanon galdu izanak ez dau askorik aldatu Athleticen egoerea Liga txapelketan. Zale baikorrenek ligea irabazteko aukerak egozala pentsa arren, garbi dago zuri-gorrien lekua apur bat beherago dagoala, hiru talde boteretsuen azpitik eta ganerako taldeen ganetik. Ez da gitxi. Are gehiago denporaldi honetan ligako bosgarren sailkatuak be datorren urtean Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera handiak daukazala kontutan izanda. Athleticek hamar puntuko aldea kentzen deutso seigarrenari eta hamabi zazpigarrenari.

Athleticen egoerea ezin hobea da liga txapelketan zein Europako Ligan. Hori bai. Taldeko jokalari bi onenak ez dagoz ondo. Lesinoak inoiz ez datoz une onean baina Oihan Sancetek Valladoliden aurkako partiduan izandako lesinoa ez jako bape ondo etorri Valverderen taldeari. Nafarra jokalari berezia da, erasoko jokoa nabarmen aberasten dauena eta ganera, golak sartzen ibili da. Athleticek bere jokalari onena barik jokatu eban Metropolitanon eta gauza bera gertatuko jako, gitxienez, Erromaren aurkako kanporaketearen lehenengo partiduan. Valverdek badaki Sancet jokalari erabakigarria izango dala denporaldiaren azken txanpan eta garbi adierazi dau ez dauela arriskurik hartuko haren errekuperazinoan.

Nico Williams da, teorian behintzat, talde zuri-gorriko beste jokalari erabakigarria, erreferentea. Nafarra, ostera, ez dabil fin. Valladoliden aurkako partiduan gol bikainak sartu arren –aldats behera–, ez eban gauza handirik egin Atletico de Madriden aurkako norgehiagokan. Taldeak faltan botaten dau Williams anai gaztearen zorroztasuna. Jokalari handia izateko, talde handien aurka erakutsi behar da erakutsi beharrekoa. Aukera ederra dauka Erromaren aurkako kanporaketan.

Atletico de Madriden aurkako partidura itzulita, merezi dauen meritoa emon behar deutsagu Athleticek egindakoari, aurrez aurre euki eban taldearen indarra azpimarratuta. Norgehiagoka bapezna egoanean Simeonek Julián Alvarez, Marcos Llorente eta Gallagher zelairatu ebazan bere taldearen erasoko jokoa indartu eta garaipena eskuratzeko asmoagaz. Lau minutu beranduago, Correa eta Gimenez sartu ebazan. Bost horreek goi mailako jokalariak dira, euren herrialdeetako selekzinoetan jokatzen dabenak eta sarritan titular izaten diranak. Inor gitxietsi barik, Valverdek Maroan Sannadi eta Oscar de Marcos zelairatu ebazan, Atletico de Madridek gola sartu ostean bardinketaren bila joateko.

Azterketa gogorra euki eban Athleticek Metropolitanon eta gainditu egin eban, emaitzea nahi baino txarragoa izan arren. Beste lau azterketa gogorri ekingo deutse zuri-gorriek datozen hamar partiduetan. Benetako ordua heldu da.