Hamabost urtegaz heldu zan Oihan Sancet Athleticen harrobira, bigarren urteko kadete mailako taldean jokatzeko. Sasoi haretan sarritan ibilten nintzan Lezamatik eta harrobiko taldeen partidu asko ikusten nebazan. Jokalari onak egozan 2000 urtean jaiotakoek osotzen eben taldean. Aitor Paredes, Unai Vencedor, Alvaro Nuñez, Imanol García de Albeniz, Juan Artola, Jon Cabo, Asier Cordoba, Gorka Agirre edota Xabier Arberas besteak beste. Ander Alaña zan entrenatzailea eta Imanol de la Sota laguntzailea. Talde bikaina benetan. Baina jokalari horreen guztien ganetik, Iruñean jaiotako mutiko luze eta argala egoan. Lehenengoz ikusi nebanean jokatzen, hamabost urte eukazala, ato bizian itaundu neban nor zan fenomeno hori. Liluratu egin ninduen. Beno, ni eta partidua ikusten egon ginan guztiok. Aspaldian –Muniainen sasoitik edo– ez neban hain jokalari ona ikusi Lezaman. Ikaragarria zan haren abilezia eta aukariekiko nagusitasuna. Arin emon eban Bilbao Athleticerako jauzia Basconiatik igaro barik eta hemeretzi urtegaz estreinako partidua jokatu eban lehen taldeagaz, aurreko urtean ezker belauneko lotailuak eta barruko meniskoa apurtu ostean. Sei denporaldi daroaz lehen mailan eta bere errendimenduak gora beherak euki baditu be, gaur gaurkoz garbi esan geinke Athleticeko jokalari garrantzitsuena dala. Berak sartu eban zuri-gorrien gola kopako finalean eta zazpi sartu ditu denporaldi honetan. Sancet ondo dabilenean, Athletic ondo dabil.

Esan beharrik ez dago Athleticek ez ebala joko bikaina erakutsi Vallecasen, ez. Baina irabazi egin eban, emaitzea iraulita ganera. Eta hori da garrantzitsuena. Oihan Sanceti esker lortu eben garaipena zuri-gorriek, bai, baina zenbat partidu irabazi ebezan Real Madridek edo Bartzelonak Cristiano Ronaldo eta Messiri esker? Beraz, ez deiogun meritorik kendu Valverderen taldeak Vallecasen lortutako garaipenari.

Valverderen taldea ondo baino hobeto dabil liga txapelketan zein Europako ligan, aurreikuspen guztiak gaindituz ganera. Zuri-gorriek aste biribila osotu dabe, Realari, Elfsborgi eta Rayo Vallecanori irabazita. Ganera, partiduz partidu taldea hasten doala esango neuke. Hamasei partidu jokatu ditu Athleticek abuztuaren 31ean San Mamesen Atletico de Madriden aurka galdu ebanetik. Edo garaipena oparitu eutsonetik, hobeto esateko. Ordutik eta hona jokatutako norgehiagoketan, bakarra galdu dau –Gironan hiru penalti huts egin ostean– hamar irabazi dauz eta bost bardindu, batzuk irabazteko modukoak izan baziran be. Datu ikaragarriak dira. Lortutako puntu kopuru bikainaz ganera, Valverderen taldea ondo lehiatzen da partidu guztietan eta gainditzeko aurkari gogorra da edozein talderentzat. Beraz, ezin deutsogu gehiago eskatu.

Athleticek jokatzen dituen partidu guztiak dira garrantzitsuak. Gauza bategaitik edo besteagaitik, sailkapeneko zulotik urteteko borrokan edo goialdeko postuetan sartu edo sendotzeko lehian, norgehiagoka guztiak hil ala bizikoak dira. Edo garrantzi hori emoten deutsogu behintzat. Azken baten, puntuek balio berbera daukie, Rayoren zein Real Madriden aurka jokatu. Halandabe, Vallecasen lortutako garaipenak balio erantsia dauka. Izan be, sailkapeneko lehen postuetan egon gura dauen talde batek irabazi egin behar ditu holako partiduak, hobetotxuago edo txartxuago jokatuta be. Real Madrid dator bihar Katedralera. Lehia berezia berezien artean.