Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Itsaso zabaleko estropaden ordua

Eusko Label Ligearen lehen zatia amaitu da hamar estropada jokatuta eta lehen balorazinoak egiten hasi gaitekez. Esan beharrik be ez dago Bermeo-Urdaibai izan dala denporaldiaren lehen erdiko trainerurik indartsuena. Zenbakiak hortxe dagoz. Bou Bizkaiak hamaika bandera irabazi ditu, zortzi ligan eta beste hiru Bizkaia, Euskadi eta Espainiako txapelketetan, eta estropada bi baino ez dauz galdu,

Bilboko erlojupekoan ehunenekoengaitik eta Ribeiran. Ur baretan bietan be. Gatxa da jakitea noraino helduko dan Iker Zabalak zuzentzen dauen koadrilea baina erritmo honi eutsi ezkero errekor guztiak hausteko bidean doa.

Bermeok ez dau sekula hamaika garaipen baino gehiago lortu Ligan.

Zortzi daroaz aurten eta hamar estropada dagoz jokatzeko hondino. Castrok eta Hondarribiak hamahiru eskuratu ebezan denporaldi baten –2015ean gipuzkoarrek eta 2009an kantabriarrek– eta Urdaibaik aukera bikaina dauka aurten hareen markea ontzeko.

Edozelan be, Donostiarrak eta batez be Zierbenak ez deutsoe bidea erraz ipiniko. Aurtengo Eusko Label Ligak urdin kolorea badauka be, galipoek behin baino gehiagotan erakutsi dabe faboritoa menderatzeko gauza dirala. Aurreko urtean, Bermeoko traineruak sei bandera eskuratu ebazan ligako azken hamar estropadetan. 2022an bost garaipen lortu ebazan azken hamar jardunaldietan.

Hile bi bete dira traineru estropada ofizialak jokatzen hasi ziranetik. Bou Bizkaia oso indartsu hasi zan hiru txapelketak erraz irabazita. Azken datuak aztertuta esan lei bermeotarren errendimenduak gorakadea euki dauela azkenaldian. Izan be, lehenengoz Eusko Label Ligea hasi zanetik, Urdaibaik egin ditu denporarik onenak estropada bateko luze guztietan. Lekeition hain zuzen be. Bezperan be, Getxon, Bou Bizkaia izan zan azkarrena hiru luzetan.

Eta denporaldiaren erdialdera helduta, garbi esan daiteke Ondarroak eta Lekittarrak bete dabela lehen helburu nagusia: sailkapeneko azken postu bietatik urrun egotea. Antiguako Amak 29 puntuko tartea dauka San Pedrorekiko eta Isuntzak 23koa. Ekipo biek presino barik ekingo deutse denporaldiaren bigarren zatiari euren onena emoteko helburuagaz. Kaikuko Bizkaitarrak be handitu egin dau Libiarekiko aldea –14 puntu– baina ezin da lokartu.

Eusko Label Ligearen bigarren erdian bada garrantzi handia euki leiken faktore bat. Jokatzeko geratzen diran hamar estropadetatik zortzi, itsaso zabalean jokatuko dira. Castron, Orion, Hondarribian, Zarautzko biak, Ondarroan, Getarian eta Bermeon. Bou Bizkaiak nagusitasun handia erakutsi dau itsasoan jokaturiko estropadetan eta Lekittarra eta Ondarroa be ur baretan baino gusturago ari dira olatu artean.

Eta hemendik aurrera kontuan hartzeko beste kontu bat: Gero eta gitxiago geratzen dala Kontxako banderarako. Izan be, hilabete barru jokatuko da Donostiako banderarako sailkatzeko estropadea.

Eusko Label Ligan lanak eginda daukiezan traineruak Kontxara begira jarri daitekez. Urdaibaik ondoz ondoko hirugarren garaipena lortu gura dau. Ligea irabaztea ia ezinezko bihurtu dala ikusita, beste ekipo batzuk buru belarri sartu daitekez Kontxako banderaren prestaketan. Beste batzuk, Isuntzak adibidez, gura baino urte gehiago daroaz Kontxako banderan arraunean egin barik eta bada ordua bolada txarra hausteko.

Ondarroak azken urte bietan Donostiako banderan lortutako zortzigarren postua hobetu gura izango dau. Kaikuk be denporaldiko estropadarik garrantzitsuenetara itzuli gura dau. Beste osogarri bat lapikorako.