Urdaibaik ez dau amore emoten
Oso interesgarri ipini da Eusko Label Ligea azken jardunaldietan. Atzean geratu da Bermeo-Urdaibaik erabateko nagusitasuna erakusten eban sasoia eta orain, Bou Bizkaia estropadak irabazteko faboritoen artean badago be, ez da bakarra, beste traineru batzuk be erakutsi dabe-eta garaipenak lortzeko gauza dirala. Zierbenak garaipen bi lortu ditu orain arte jokatutako zortzi estropadetan eta Donostiarrak be, aurrerapausua emon eta garaipenen bat lortzetik hurre geratu da Galizian jokatutako lehia bietan. Edozelan be, eta estropadak irabazteko hataugaien zerrendea zabaldu egin bada be, Urdaibaik sendo segiduten dau sailkapeneko buruan, Eusko Label Ligea erdialdera heltzear dagoanean. Bou Bizkaiak sei garaipen eskuratu dauz eta zazpi puntuko aldea kentzen deutso bigarrenari sailkapen nagusian. Beraz, zalantza barik esan daiteke Urdaibai izan dala orain arteko trainerurik indartsuena.
Horrek ez dau esan gura, ostera, menderatu ezina dala, Zierbenak argi eta garbi erakutsi dauen moduan. Bermeo-Urdaibai ahalik eta estropada gehien irabazi eta Eusko Label Ligea eskuratzen ahaleginduko bada be, badaki ezinezkoa izango dala bandera guztiak irabaztea. Denporaldia ondo kudeatzen asmau behar dau Iker Zabalak. Helburu garbiak bi dira: Ligea eta Kontxa irabazi hirugarren urtez jarraian. Hori lortzeko bidean eskuratzen daben garaipen kopurua inoizkoa baino handiagoa bada, hobeto. Bikaina izango litzateke Castrok eta Hondarribiak ligan daukien garaipen kopurua gainditzea, baina iparra galdu barik.
Denporaldia luzea da eta ligako zortzi jardunaldi jokatu ostean, beste hamabi geratzen dira jokatzeko. Horreri, ganera, Kontxako hiru estropadak gehitu behar jakoz. Pogacar hirugarrenez nagusitu da Frantziako Tourrean baina ez dauz etapa guztiak irabazi.
Zierbenari asko zor deutsagu arraun zaleok. Izan be, Dani Perezen zuzentzen dauen taldeak sekulako bizitasuna emon deutso traineru lehiaketeari. Denporaldiko lehen zazpi estropadetan Urdaibairi aurre egin ezinik ibili arren, galipoek ez dabe amore emon eta bi bider izan dira garaile azken lau estropadetan bermeotarrak menderatuta.
Gatxa da jakitea noraino heldu daitekeen Zierbena –hondino badauka zer esanik ligan- baina garbi dago ezbaian jarri dauela Bou Bizkaiaren erabateko nagusitasuna. Galipoen lehiakortasuna txapela kentzekoa da.
Nabarmentzekoa da Ondarroako traineruak azken jardunaldietan, eta batez be, Galizian jokatutako azken estropada bietan erakutsi dauen gorakadea. Denporaldia hasi aurretik, Iñaki Errasti entrenatzailea baikor agertu zan bere ekipoaren aukerak aztertzeko orduan eta Antiguako Amaren emaitzak oso onak izaten ari dira. Ohorezko txandan sartzeko zorian egon zan zapatuan Ribeiran eta domekan nagusitasun handia erakutsita irabazi eban bigarren txandea. Getariari sailkapeneko seigarren postua kentzea izango da hurrengo erronkea. Pozgarria da Ondarroako traineruan herriko arraunlari gazteak ikustea. Xanet Gimeno patroiak, 17 urte, Ander Untzetabarrenetxeak eta Markel Kaltzakortak, 18, Unax Zabaletak 19 bete barri eta Unax Bedialaunetak, 20. Une honetan, ligea erdibituta dago eta Ondarroa da bigarren multzoko buru.
Lekittarra lehen txandatik urten gurean dabil azken jardunaldietan. Zapatuan seigarren sailkatuta, bigarrenera jauzi egin baeban be, domekan bederatzigarren geratuta Cabok barriro harrapau dau sailkapen nagusian eta lehen txandan lehiatuko da datorren zapatuan Getxon. Edozelan be, promozino postuarekiko aldea oso handia da, 18 puntukoa hain zuzen be. Txanponaren beste aldean, Kaikuri zortzi puntura hurreratu jako San Pedro. Bizkaitarrak ezin dau hanka-sartze gehiago egin argi gorriak biztutea gure ez badau behintzat.