Sarritan entzun izan dot futbola, gauzarik garrantzitsuena dala garrantzitsuak ez diran kontuen artean eta inportantzia handiegia emoten jakola edo deutsagula. Egia da. Azken baten, kirol bat baino ez da, partiduak hil ala bizikoak dirala esaten badogu be. Azken egunotan Athleticen eskutik bizi izan doguna, ostera, oso sakona, ederra eta ahaztuezina da. Sentimendu baten indarraren erakustaldi bikaina. Milaka eta milaka lagun egon ginan Sevillan eta zorioneko batzuk kopako finala zuzenean ikusteko aukerea euki genduan La Cartuja estadioan, San Mamesen zein Bizkaiko hainbat herritan partidua pantaila erraldoietan jarraitu eben zaleak ahaztu barik. Ez dodaz ahaztu gura baita be, finala zerutik jarraitu dabenak, han be Athletic zale ugari dagoz-eta. Eta danak –hiru lau atunburu kenduta– aldarte onean. Ez dogu sekula ahaztuko Oihan Sancetek bigarren zatiaren hasieran sartutako bardinketaren gola, Julen Agirrezabalak geratutako penaltia edota Berenguerrek sartutako gol erabakigarria. Baina hori guztia jazo aurretik, oilo ipurdia ipini jatan Valverderen hamaikakoa La Cartujako zelaian sartu zanean, estadioko harmailetan egon ziran Athletic zaleek ereserkia abesten entzunda. Jon Maiaren bertsoak entzutea Athletic urian, Giralda alboko kaleak zale zuri-gorriz josita ikustea, Jose Anjel Iribar Kortajarena handia ikustea banderea jasoten eta abar luze bat. Sentimendu asko azaleratzen dira eta danak onak. Horrexegaitik uste dot egunotan bizi izan doguna futbol txapelketa bat irabaztea baino harago doala. Esperientzia bikaina, aberasgarria eta ahaztuezina.

Bedartzan izandako kirol lehiari jagokonez, danok itxaroten genduana jazo zan. Athleticek bakarrik gura eban jokatu. Mallorcaren jokabideak ez eban inor ezustean harrapau. Bakotxak bere armak erabilten dauz aurkaria menderatzeko ahaleginean. Agirreren taldea markagailuan aurreratu izana kolpe handia izan zan zuri-gorrientzat. Halanda be, Valverderen gizonek ez eben amore emon eta markagailua orekatzea lortu eben, garaipenaren gola sartzeko bidean geratu baziran be. Agirrek penaltietara iristea gura, eta lortu egin eban. Dinoe penaltietan suerteak garrantzia handia daukala baina garbi daukat Athletic Mallorca baino gehiago izan zala hamaika metrotatik egindako jaurtiketetan. Beteranoek, Raul Garciak, Muniainek, Vesgak eta Berenguerrek ez eben huts egin –guztiak nahiko fresko bigarren zatian zelairatuta– eta gazteetako batek, Julen Agirrezabalak zabaldu eban kopea eskuratzeko bidea Mallorcak jaurtitako bigarren penaltia geratuta. Futbola justua izan zan eta finala irabaztea merezi eban taldeak eskuratu eban kopea.

Nabarmendu gura dot, Valverdek zelairatutako hamaikakoan Lezamako harrobitik urtendako hamar jokalari ikusteak eragiten dauen harrotasuna. Agirrezabala, Paredes, Vivian, Yuri, Ruiz de Galarreta, Prados, Williams anaiak, Sancet eta Guruzeta harrobian hazi eta hezitako jokalariak dira. De Marcos hamazortzi urtegaz heldu zan Athleticera eta hamabost denporaldia daroaz elastiko zuri-gorriagaz. Honek guztiak be, sentimendu kontuak dira. Eta zer esan Unai Gomez, hogei urteko bermeotarra zelairatzen ikusi nebanean sentidu neban harrotasunaz. Amaia eta Josuren semea, Talapeko Ugerri hatxea baino gogorragoa. Hori da gure Athletic.

Eta harro egon behar gara daukagun entrenatzailegaz. Ernesto Valverdek ligak eta kopak irabazi zituan jokalari eta entrenatzaile lez, baina argi eta garbi esan dau Athleticegaz irabazitako kopea ezin dala beste edozein garaipenegaz parekatu. Pertsona zintzoa eta gizon lasaia diruak zoratutako futbol munduan.

Eta orain arte bizi izandakoa ederra izan bada, zer izango da datorren eguenean Nerbioi ibaian bizitzeko aukerea izango doguna. Milioi bat lagun batu ziran erreka bazterretan Javier Clementeren taldeak ligea eta kopea irabazi ebazanean. Seguru nago Athletic zaleek aurreikuspen guztiak gaindituko dabezala datorren egueneko ekitaldian parte hartzeko. Izan be, berrogei urte itxaron behar izan dabe gabarra zaharra barriro nabigatzen ikusteko. Kontuak kontu, esandako guztiagaitik, garbi dago Athletic futbol talde soil bat baino askoz gehiago dala. Zorionak eta eskerrik asko Valverderen eskutik esperientzia eder honetaz gozatzeko aukerea emon deuskuenei.