Celtaren aurkako partiduan galtzaile izan eta bigarren zati negargarria egin ondoren, bazirudian Athletic amildegiaren ertzean egoala, sinesgarritasuna galduta, hondoa jota, Europako postuetatik urrun eta jaisteko postuen mamua ate joka ebala. Egoera horretan, Cadizen aurkako partiduak final baten itxurea hartu eban –liga txapelketako hogeigarren jardunaldian, beste hamazortzi partidu jokatzeko dagozanean–, kazetariok hain gustokoa dogun “hil ala biziko” partidua hain zuzen be. Ernesto Valverderen taldeak ez eban huts egin eta hiru puntuak eskuratu ebazan aurkari ausart baten planteamenduari etekin ezin hobea atarata. Balaidoseko porrotetik aste betera, taldearen egoerea goitik behera aldatu da. Zerua argitu egin da Bilbo eta Bizkaia aldean. Europarako trenak ez dau ihes egin, Europako Ligarako sailkatzeko postuak puntu bira dagoz eta hamarrera jaistekoak. Baikorrenek, botilea beti erdi beteta ikusten dabenek, ganera, Txapeldunen Liga jokatzeko aukerea emoten dauen laugarren postua sei puntura dagoala azpimarratu gura dabe. Izan be, sailkapenean Athleticen aurretik dagozan Atletico de Madridek, Vila-realek eta Betisek galdu egin dabe-eta. Hori guztia gutxi balitz, taldeak irabazi bako bost partiduko bolada txarra eten dau, lau gol sartuta ganera. Zelan aldatzen diran gauzak, kamarada. Lehen ez ginan hain txarrak eta orain ez gara Bayern Munich.

Athleticek hasiera ezin hobea emon deutso bigarren itzuliari, urtarrilean jokatutako Ligako partiduetan garaipenik lortu ezinik ibili ostean. Ernesto Valverdek garrantzi handia emon eutson Cadizen aurkako norgehiagokari eta planteamendu ausarta egin egin eban hiru puntuak eskuratzeko asmoagaz. Txingurrik Ohian Sancet zelairatu eban Vesgaren alboan eta Muniainen atzetik, denporaldi hasierako partiduetako hirukotea berreskuratu eta erasoko jokoari lehentasuna emonda. Entrenatzailearen apostuak etekin onak emon ebazan eta Athleticek garaipen erosoa lortu eban. Zuri-gorriek ez eben sufridu, aurkariak bardinketea lortu ebanean bez ezta hamar gizonegaz geratu ziranean be. Partidu biribila izan zan Cadizen aurkako “finala”.

Oihan Sancet Tirapu izan zan partiduko protagonista nagusia. Edozein balorazino egiteko orduan, ez dogu ahaztu behar 22 urteko jokalari gaztea dala. Goi mailako futbolera iritsi barria. Horrek esan gure dau, bide luzea daukala egiteko eta gauza asko ikasteko eta hobetzeko. Sancet jokalari berezia da. Ona, oso ona. Lezamak aspaldiko urteetan emon dauen jokalaririk onena eta etorkizun oparoduna. Kadete mailan ezagutu neban eta zurtuta itxi ninduan. Jokalari trebea, bertikala, azkarra eta indartsua. Belauneko lesino larria gaindituta iritsi da lehen taldera eta garbi daukat jokalari erabakigarria dala eta izango dala Athleticentzat.

Gaur egun entrenatzaileek hamazortzi mila estatistika daukiez esku artean. Ustez, baliagarriak guztiak. Athleticek hamalau korner atara ebazan Osasunaren aurkako partiduan San Mamesen baina ez eban golik sartu. Antzeko zeozer Real Madriden aurkakoan: hamabi korner eta golik ez, partidua galduta ganera. Cadizen aurka, ostera, zuri-gorriek ez eben korner bat bera be atara baina lau gol sartu eta garaipena lortu eben. Horixe da futbolaren edertasuna, estatistika guztien eta joko kuadrikulatuaren ganetik.

Ze polita dan San Mameseko animazino harmailea Mikel Laboaren “Txoria txori” abestuten entzutea eta ikustea, Athleticek jokalariak alkarri helduta dagozala. Ederra benetan. Euskerearen egoerea eta erabilerea Athleticen, baina, kezkatuta egoteko modukoa da. Jokalari batzuk ez dakie euskeraz berbetan, ez dabe ikasteko ahaleginik egin, eta dakien batzuk ez dabe egiten urduritu egiten diralako kamara eta mikrofonoen aurrean. Eta inork ez dino ezer. Artez esateko, txarto goaz bide horretatik. “Herritik sortu zinalako”, Athletic “Euskal Herriaren eraskusgarria” dalako eta “euskaldun zintzoak” garalako, egoerea irauli egin behar dogu. Danon artean, bai, baina Ibaiganetik eta Lezamatik hasita.