Ez naiz pop zalea. Erritmo gogorragoak maite ditut gehienbat eta folkak, soulak eta bluesak asetzen didate eztiagoen premia. Musika elektronikoak, bertzalde, hotz uzten nau. Gaztetan bai, probaren bat egin nuen, baina adinaren berezko esperimentazio nahiari egozten diot. Agudo etorri nintzen berriz nire onera, erran nahi baita gitarrak, baxoak eta bateriak osaturiko hirutasun saindura. Eta oraindik ez dut erran: mitologiaren kontuak aspertu egiten nau eta mikologiarekin nahasten, nik. Bistan dena, ez nintzen izan Zetak-en bi kontzertuetan Iruñeko Nafarroa Arena bete zuten 30.000 lagunen artean. Hedabideek eman matrakarik gabe auskalo geldituko ote nintzen larunbateko gauean ETB2ri begira. Izatez, hasiera pixka ikusi, aurreiritziak egiaztatu eta ordu laurden bat gabe kanalez aldatzea genuen plana etxean. Aurreikuspen guztien kontra, hozkailutik zerbeza bat ateratzeko baizik ez nintzen higitu hurrengo 2 ordu eta 15 minutuetan. Orainik ez dut arrunt garbi zerk atxiki ninduen hain tinko besaulkira. Aipa nitzake Pello Reparazen kantetan anarteraino erreparatu gabeko ertzak, baina ez litzateke aski arrazoi izanen. Muntaiaren alderdi bisuala ere hor dago, begiendako bazka atsegina. Orobat, oinarrizko laukoteari lagun egin zioten adiskide guztien ekarpena. Horiek ekarri zituzten kontzertuko une hunkigarrienetariko batzuk, Erramun Martikorenaren agerpenarekin bereziki. Niri, nolanahi ere, Reparazen jarrera gustatu zitzaidan gehien, showman peto-petoa, dibo espanturik gabea eta predikuetan neurritsu. Gaztelaniaz egin zuelarik ere asmatu zuen larunbatean. Beti txikirako apustuetara ohiturik, han hertsatzen ziren milaka jendeek eskertu zuten arbizuarrak handira egindako enbidoa, isildu gabe kantatuz haren letrak, gelditu gabe dantzatuz haren doinuak. Inbidia eman zidaten. Eta poza. Zerbait inportantea gertatu zen asteburuan Navarra Arenan.