ADAGO urtean behin mozorrotzen denik eta baita egunero mozorroz jantzita erosoago sentitzen denik ere. Halere norbere burua izkutatzea ez da izaten erraza, aurpegia erabat aldatuta ere beti egoten baita ibilkera edo keinuren bat zalatzen gaituena.

Jardunak erakusten du, jantzien gainetik, nor den bakoitza. Hainbat zuzendari edo kudeatzaile ikusten dugu (berdin dio enpresa handi baten zein eskola txiki baten kudeatzaile izan) aho-mihietan partaidetza, kalitate eta bikaintasun hitzak dariola eta, aldi berean, eguneroko lanean aurkako jarduna erakusten. Beste batzuk apalago agertzen dira eta, ostera, benetako buruzagi demokratiko gisa aritzeko gaitasuna azaltzen dute taldeari eragingo dien erabakiak hartu orduan. Sindikatoak ere maisu dira diskurtsoetatik ekintzetara tartea uzten, ingurukoei lezioak emateko prest egon arren. Eta gizataldetan gertatzen dena gizabanakoetan ezin izan bestela, hemen ez baikara inor libratzen.

Politikagintzan ere nabarmenak dira mozorroak. Urrunean barik, bakarren batek bere burua izkutatu barik esan du PPk eta Voxek aurrera begira elkarrekin jo behar dutela aberriaren alde. Bistakoa da konplexuak kendu nahi dituela hautesleak Voxen kidegotzaz lotsatu ez daitezen. Beste batzuk ostera, egunero estreinatzen dute mozorro bat. Andaluziako emaitzek gobernu bideraezina irudikatzen badute (Voxen eraginez), berriro haurteskundeak deituko ditut dioenak izkutuko intentzio garbia du, Voxen “laguntza” apur bat bai baina ez baitu nahi gehiago; gainerako alderdiak ez dute kontatzen. Herritargoaren erabakia ez al da balekoa eta “pentsatzeko txokora” bidali behar al du hauteslego osoa bere neurriko bozka proportziotara makurtzeraino?

Etxetik hurbilago entzundakoa da: Inkesten arabera, neure alderdia da ezinbesteko ardatza. Datuak azaltzeko era bat baino gehiago dago baina bosten artean hirugarrena, erdikoa da. Arda-tza den ala ez, ikusi behar. Herri saretu honetan denok ezagutzen dugu elkar, hitzez eta ekintzez. Mozorroak soberan daude.