MAHAITIK mahaira, herriz-herri, ibili gara jende asko azken hamabostaldian. Hegoaldeko lau lurraldeak bisitatzea egokitu zait niri aurten. Urtero kontatzen dut, esate baterako, Durangon herriaren erdi-erdian Eguberri sasoian jartzen duten umeentzako zaldiko-maldikoak, apenas jartzen duela euskarazko musikarik, baina A Belén pastores edo Mira cómo beben... ohikoak izaten dituela megafonian. Oso zaila izango da konpontzen kontu hori ikusten denez, urtez urte berdin-berdin jarraitzen du eta.
Baina aurten Arabara noa. Iaz ere ikusi nuen, eta orain bi urte ere bai beharbada, eta aurten ere ikusi dut. Feliz Año Nuevo 2016, koloretako argiz osatutako esaldia, Maeztun. Arraia-Maeztu udalerriaren buru egiten du Maeztuk, herririk handiena delako. 1.000 biztanlera ez dira heltzen, ordea, udalerri osoan bizi direnak. Ez iaz, ez aurten, Urte Berri On esanez ez dut inolako argirik ikusi.
Ez dakit seguru, baina pentsatzekoa da hain herri txikian Eguberrietan kaleak girotu eta argiztatzeko ardura Udalarena izango dela, eta ez bertako denda-elkartearena, komertzio handirik ez dago eta herrian. Horregatik, hauteskundeetako datuei erreparatu diet. 2011-2015 tartean, EAJko 4 zinegotzi, Bilduko 2 eta PPko 1 ari ziren udaletxean herriaren mesedetan. 2015ean, PPkoa ez zuten aukeratu herritarrek, eta EAJko 4 eta EHBilduko 3 zinegotzi dituzte. Nolanahi ere, bai EAJk, bai EH Bilduk eta bai PPk defendatzen dute euskara euskaldun guztion ondare gisa. Eta ezin ulertuta nabil, beraz, zerk bultzatzen dituen urte berria gaztelania hutsez zoriontzera. Maeztun euskara aspaldi galdu zen, konforme. Baina hango herritar askok esfortzu eta sakrifizio handiak egin dituzte euren seme-alabak euskaldunak izan daitezen, eta orain harro esan dezakete baietz, Maeztun badirela, berriro, bertako euskaldunak. Ea lor-tzen duten 2017ari ongi etorria euskaraz egitea.