Galdera horrek bilbotar asko kezkatzen gaitu, prestatzen duen zerbitzuagatik eta baita ere ahalbideratzen duen Bilbo osoko ikuspegi ederragatik, ederrik bada gure hirian. Artxandako muinotik Bilbo eta Bizkaiaren zati handi baten ikuspegia oso ederra da dudarik gabe, ia 180 gradutakoa, baina Mallonan Begoñako igogailuren pasabidetik begi aurrean daukagun Bilboko bista askoz hurbilagoa, familiarragoa, eta agian gozoagoa da. Panorama hori igogailuko pasabidetik gozatzeko askotan kanpoko lagunekin igo egin gara (gero bueltatxo bat eman Etxebarria parketik eta berriro Zazpi kaletara). Orain duela urte batzuk Argentinatik etorritako lagun batzuek, ikuspegi hau gozatzen ginela hauxe esan ziguten, euren doinu porteño bereziaz: "Se palpa desde aquí el poderío que tiene esta ciudad". Bide batez ere, igogailuaren aktibitatearen erantsi modura Turismo aldetik nire ustez zerbait egin daiteke, egitura aprobetxatuz eta behar den bezala egokituz: plataforma panoramiko bat, jatetxea, Zazpi kaleetako historia Interpretazio gune bat edo halakoren bat. Era horretan, errentagarritasuna ere gehitu dakioke Igogailuaren jatorrizko negoziori, izan ere, hain ondo kokatuta dagoen dorre horri erabilera aberatsagoa ahal zaio. Urtero Gugenheimera etortzen diren miloi bat turista eta Plaza Barrira berdin, igorgailua 500 metrotara kokaturik dagoenez, kopuru horren % 15 edo % 20 plataforma horretara igo ahalko lirateke gutxienez, azpiegitura gune historikoan bertan baitago eta helburu hori lortzea ez du ematen hain helburu utopikoa litzatekeenik. Munduan zehar eredu gisa leku astotako dorre panoramiko edo antzekoak aipatu daitezke, tartean eta hurbilenetakoa Lisboako Elevador de Santa Justa da, hiriko parte zaharrean kokatua dagoena ( igogailua berau baita ere). Eta gainera bere goiko pasabideak nolabaiteko Begoña igogailuaren antza duela esan dezakegu. Beste eskala antzemanezin batean, zalantzarik gabe, hor daukagu bere edertasunez eta dotoreziaz Berlineko TVko dorrea, Fernsehturm, eta Pariseko Eiffel Dorrea abar eta abar. Gaur egunean azaltzen ari omen dira negozio mailako gorabeherak, Jabegoaren eta lizentziadunaren arteko tirabirak etab... Agian irtenbide bat izango litzateke Lehiaketa Publikoa konbokatzea, Arkitektoek, Sozietateek etab. parte hartu ahal izateko. Era horretan, herritarron parte hartzea bermatuz baita ere, ideia hoberena aukeratuz Bilbon daukagun egitura monumental hau babesteko. Kontuan hartuz lehenik eta behin igogailuen zerbitzua mantentzea eta lanpostuei eustea lehentasunezko gaiak direla, aldi berean ere aipatutako negozio berriak sortzeko eta baita Bilboko Turismorako eskaintzak handitzeko hausnarketa hau paregabea izango litzateke.