BADAKIT izenburua irakurri eta batek baino gehiagok pentsatuko duela zeri ote dagokion Bildu. Oraintsu arte aditza besterik ez zen bildu; orain, koalizio baten izena ere bada. Ni, bildu (edo batu) aditzaz ari naiz: zaborra biltzeaz. Azken hilabeteetan, eguna joan eta eguna etorri, hamaika artikulu, eztabaida, adierazpen? eragiten duen zaborraz. Egia da Bildu koalizioaren jarrera dagoela eztabaida horien muinean; baina, berez, gainerako alderdiena eta, azken batean, gizarte osoarena ere bada kezka. Ba al du zentzurik horrenbeste lagunek horrenbeste lerro ida-tzi ondoren, horrenbeste lagunek horrenbeste hitz egin ondoren, nik ere gai hau aukeratzeak? Beharbada ez, besteak beste, nekez esango dudalako orain arte esan ez denik. Eta, hala ere, tentaldian erori naiz; jakinik nire aurretik hitz egin dutenak saiatu direla argitu beharrekoak argitzen, argudio sendoak eman dituztela, ez naizela kontu horietan aditua; hori guztia jakinik, ezin izan naiz geratu herritar moduan dudan ikuspegia eman gabe.
Aitor dezadan lehenik, tertulietako eztabaidetan, egunkarietan egunero irakurtzen ditudan berrietan, badela zerbait onartezina gertatzen zaidana: kontzeptuak nahastea. Eta honetan ere ez naiz lehena, ezta gutxiagorik ere, nahaste hori salatzen duena. Izan ere, egunetik egunera nabarmenago ageri da hitz totem pare bat etengabe erabili, eta ihes egin nahi dela benetako eztabaida sakon eta patxadazkotik. Zero Zabor eta Atez Atekoa, horiek dira Gipuzkoan eta baita Donostian ere aginte-ardurak dituztenen banderak, bigarrenak lehena berarekin balekar bezala; zero zabor izatea azken helburutzat harturik, atez ateko bilketa balitz bezala horretara heltzeko ezkutuko giltza. Alferrik izan da orain arte bi kontu diferente direla azaltzen saiatzea, ez direla ezpal bereko zura. Ez dut, beraz, esperantza handirik nik lerro hauek idazteak gauzak aldatuko dituenik; baina barruko egonezina arintzen, behintzat, lagunduko dit.
Bat: Zero Zabor izatea ezinezkoa da, oraingoz behintzat. Gure oso aurretik doazen herrietan ere, onenean, sortzen duen zaborraren %70 inguru birziklatzea lortzen omen dute. Baina beti geratzen da zati bat, hondar-frakzio deitzen diotena, berriro erabiltzeko modurik aurkitzen ez diotena; ez dakite zein tratamendu eman zabor horiei berrio erabilgarri izan daitezen. Zer egin, beraz: erre, zabortegiren batera bota? Badirudi bi aukera horiek direla eskura ditugunak. Beste batzuk ematearren, idatz dezaket: zulo erraldoiak egin eta lurpean sartu; espazio-ontzi batean sartu eta espaziora bidali? Ez dut uste inork aintzakotzat hartuko lituzkeenik horrelako irtenbideak. Beraz, berriro diot, erre edo nonbaiten bota. En-tzun eta irakurri dudanaren arabera, Europako herrialde gehienetan erre egiten dute hondar-frakzioa. Litekeena da hemendik gutxira beste irtenbide batzuk ere aurkitzea, baina gaur gaurkoz uste dut horretan gaudela. Donostia inguruan, San Markos genuen oraintsu arte; han botatzen zituzten Donostialdeko zaborrak. Baina zabortegiak ere bete egiten dira, eta puntu batetik aurrera ez dute zabor gehiago hartzen. Une hori gertu zegoelako hasi ziren, besteak beste, pentsatzen zer egin aurrerantzean. Hortik sortu zen Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko 2002-2016 Plan Orokorra (gaztelaniaz PIGRUG siglaz ezagutzen dena; interesa dutenek interneten aurkituko dituzte bai gaztelaniazko eta bai euskarazko bertsioa ere), izenak berak dioenez hiri-hondakinen kudeaketaren alderdi guztiak kontuan har-tzen dituena. Hor erabaki zen erraustegia egitea, birziklatzerik ez zuten zaborrak erre-tzeko. Eta, luzea den arren, merezi du 370 orriko dokumentu horri begiratu bat ematea (edo begiratua baino zerbait gehixeago). Europako arteztarauak, hiri hondakinak eta hondakin horien kudeaketa Europar Batasunean, zaborra gaika biltzeko alternatibak, alternatiba bakoitzaren tratamendu-gastuak, eta beste hamaika puntu zehazki aztertuak. Urtetako lana eta eztabaida, eta adostasun zabala lortu zuen dokumentua.
Bi: Atez Ate, sortzen dugun zaborra jaso-tzeko moduetako bat; esan zaigun moduan, Europan hiri handiren batean edo bestean erabiltzen dutena. Baina, gauzak diren bezala, leku gehienetan edukiontzien aldeko apustua egin dute; Europan zehar osteratxo bat egitea nahikoa da horretaz jabetzeko. Gure artean ere, edukiontzi urdin (papera), hori (plastikoa), berdea (beirakiak) eta orotariko edukiontziaren ondoan, bosgarren bat jar-tzea erabaki zen, marroia, zabor organikoa (garai bateko txerri-jana) biltzeko. Konforme al gaude emaitzekin? Nahikoa al da birziklatzen dugun zaborraren ehunekoa? Ez, jakina. Orain dela urte batzuk baino hobeto gaude, kontzientziatuagoak gaude gehienok beharrezkoa dela zabor-mota bakoitza dagokion edukiontzian uztea. Baina aitortu behar dugu urrun gaudela oraindik Alemaniako edo Austriako %70 horretatik. Eraginkorragoa izango al da zaborra edukiontzian uztea norberaren esku utzi ordez, atez ate biltzea? Beharrezkoa al da zaborra behar bezala sailkatuta ateratzen ez duenari zigorra ezartzea? Familia eta lagunarte askotako hizpidea dira kontu horiek.
Hiru: bada, ordea, beste urrats bat, zaborra jasotzeko moduaren gaineko eztabaidaren aurrekoa. Ahalik eta zabor gutxien sortu, Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko Plan Orokorreko "Hondakin sorreraren hazkuntza eragozteko prebentzio neurriak" puntuan jasotakoaren bidetik. Supermerkatu handi batzuek-eta hasi ziren, esate baterako, plastikozko poltsarik doan ez ematen. Baina merkataritza munduak egin dezakeen ahaleginak gutako bakoitzarena ere behar du ondoan: ogia erostera goazenean, bestelako erosketak egitean? aldean poltsa bat, edo motxila bat, edo erosketak egiteko gurditxoa eramateko ohitura hartzea, alegia. Izan eren egun hauetan irakurri ahal izan dugu plastiko eta metalezko ontzien %75 bakarrik birzikla daitekeela, eta portzentaje honen %60 baino ez dela birziklatzen Gipuzkoan. Berdin dio edukiontzi horietan jaso, edo atez ate jaso. Gainerako %40a erre egiten da, edo zabortegietan botatzen da, zaborrak gaika bereizirik ere, lan handia ematen baitu ondoren behar bezala trata-tzeak. Horregatik da hain garrantzitsua ahalik eta gutxien sortzea.
Lau: zintzoki aitortzea zaborrari dagokionez, eta gainerako kontuetan ere, urte askotako lana izaten dela gizartearen ohiturak aldatzea. Ez dut uste Europan herrialde bakar bat egongo denik lau urtean (edo zor-tzian), birziklatze tasa %30etik %70eta handitu duenik. Zintzoak eta errealistak izan gaitezen, serioak; kontsignak, kontsigna baino ez dira; ez dute gizartearen jokabidea aldarazten goizetik gauera.
Bost (eta azkena): adostasuna. Tamaina honetako erronkak, gizartean hain aldaketa handia eragin nahi denean, ezinbestekoa da guztien -edo ia guztien- adostasuna. Eta zabor-bilketari dagokionez, nahitaezkoa heziketa lana. Eskolak egin behar duena, familiek egin behar dutena, administrazioei dagokiena? guztiona. Derrigorrezkoa da alderdien arteko adostasuna, eragile pribatuen adostasuna, gizartearen gehiengo handi baten adostasuna. Alderdi batzuek eta besteek izan ditzakete beren iritziak, egon daitezke eredu baten edo bestearen alde, hiritarrak egon daitezkeen bezalaxe. Orain dela urte batzuetako planak alda daitezke, jakina. Baina, beti ere alderdi guztiak mahai gainean jarrita: ahalik eta zabor gutxien sortu; sortutakoa nola bildu; eta, bildu ondoren, nola tratatu. Horiek dira orain ere aztertu eta eztabaidatu beharrekoak; eta, kontsentsurik lortu ezean, gehiengoaren iritzia hartu beharko litzateke kontuan. Izan ere, alderdi jakin baten inposizioak kontrako eragina ere izan dezake, dela hurrengo hauteskundeetan beste alderdi bat nagusitu eta honek bestelako bideak bultza ditzakeelako, hiritarrak noraezean utziaz; dela, gizarteak berak gogo txarrez hartzen dituelako zabor-bilketarako neurriak, eta aukerarik txikiena aprobetxatuko duelako inposizioz ezarritakoa alde batera uzteko. Ez dakigula gerta Bilduren ondoren, jendeak zaborra gaika biltzeko gogo gutxiago izatea.