HOGEITA hamabi urte igaro dira 1979an Euskal Autonomi Erkidegoak autogobernuaren bidea hasi zuenetik (Gernikako Estatutua, Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Kontzertu ekonomikoa, Udalen finantziazioa…). Ba urte horiek guztiak behar izan ditu Ezker Abertzaleak -hogeita hamabi-, Euskal Autonomi Erkidegoko beste alderdi politiko nagusi guztiekin, lehen aldiz, akordio batera iristeko. Hogeita hamabi urte hankamotz. Erraz esaten da!

Kutxa Bank izango da inoizko adostasunik handiena lortzeko ohorea izango duen lehen euskal proiektua; eta BBK, Kutxa eta Vitalen arteko bat egitetik sortuko den euskal finantza erakunde berria izango da, beraz, EAEn ditugun instituzio guztien artean babes politiko eta sozialik handiena izango duen erakundea.

Lerro hauek idazterakoan ez ditugu ezagutzen akordioaren zehaztasun guztiak, eta hauek ezagutu arte itxaron beharko da negoziazioan ba-tzuk eta besteek -EAJ-PNVk, Bilduk, PSE-PSOEk eta PPk-, bidean zer utzi behar izan duten jakiteko. Bakoitzak bere eredua zuen, eta atera den erakunde berriak denen ekarpena izango du. Besterik dira, batzuk eta besteek, beren jarrera jendaurrean zuritzeko eta justifikatzeko eman beharko dituzten azalpenak, jantzi nahi izango dituzten dominak eta aitortuko dituzten "harrotasun eta pozak".

Guztiek utziko zuten zerbait bidean. BBK, Vital eta Kutxaren buruek hiru erakundeak nahi zituzten akordioaren barruan, eta horretarako zerbaitetan amore emango zuten. Bilduk, bere aldetik, ez zuen nahi Kutxa eta Gipuzkoa banku berritik kanpo geratzea eta, seguru, gustuko ez zuen gauza bat baino gehiago onartu behar izan duela, proiektu berrira biltzeko. Geroak esango du emaitza ona edo txarra den. Baina dudarik gabe, gertakizun historikoa da.

Sortuko den Kutxa Bank berriak, ez du bere baitan hartuko Nafarroako Kutxa. Ezta Iparraldekoak ere. Banku izaera izango du eta Ezker Abertzaletik hainbestetan eta hain gogor kritikatu diren gabezi eta alde txar asko edukiko ditu. Baina pragmatismoa nagusitu da, eta une honetan egin zitekeena lortu da. Seguru ez dela batere erraza izan. Baina hogeita hamabi urtez herria eraikitzeko akordiotara iritsi behar izan duten beste guztiei ere, seguru, sarritan gaitza eta nekeza gertatu zaiela besteekin akordiotara iristea.