aURREKO asteetan Egigureni kritika gogorrak jaurti ondoren, joan den ostiralean PSEko dozena bat parlamentari laxo berdea jantzita agertu ziren Eusko Legebiltzarrera. Aitortu behar dut Jose Antonio Pastor Irlandan Sinn Féinekoek eraman zuten laxo berdea jarrita ikusteak astindu bat eragin didala eta zer pentsatua eman: nik ez dakidan zerbait jakin ote du kritikak alboratu eta horrela plazara ateratzeko?

Laxo berdearen ondoren, jakin mina areagotu egin zait. ETAren agiria omen zetorren hauetako egunen baterako. Lerro hauek idazten ari naizelarik, ordea, ez dago inon agiri horren arrastorik. Horren ordez, Noticias taldeko egunkarietan preso dauden eta ETAko kide (izan) diren zortzi kiderekin egindako elkarrizketa dator. Ez ditut denak ezagutzen, baina izen batzuk memorian txeratuta neuzkan: Caride, Pikabea, Gisasola, Urrosolo Sistiaga,… Interesgarria iruditu zait. Herri honetan jende askok pentsatzen dituen gauzak esaten dituzte elkarrizketan eta zure pentsamendua norbaiten hitzetan islatua ikustea beti da kontsolagarria.

Nolanahi ere, gauza batzuk bota ditut faltan elkarrizketan, eta hortik hasiko naiz. Lehenengo eta behin, ez dut ulertu zergatik uko egin behar dion orain ETAk indarkeriaren erabilerari. Ez dago horri buruzko gogoetarik. Ez digute esaten zergatik itxi behar den borroka armatuaren zikloa. Ez digute argi-tzen noiz eta zergatik iritsi diren konbentzimendu horretara. Eta hori garrantzitsua da. Egunen batean aberri honetan bizi garen gizon-emakume guztiek gizartea elkarrekin eraiki behar badugu, gauza askotan konforme jarri beharko dugu. Eta indarkeriaren bukaera zergatik gertatu zen adostea kontu garrantzitsua izango da aurreko zorrak kitatu eta bide berriak elkarrekin egitekotan.

Biktimei buruzko komentariorik ere ez dago. Zortzi pertsona hauek ez daude kar-tzelan ETAko kide izateagatik bakarrik. Hainbat indarkeri ekintzaren egile izan dira eta horregatik zigortu dituzte. Indarkeri zikloaren bukaerak biktimekiko jarrera ireki eta argiak eskatuko ditu eta gai hori ezin da bazterrean utzi.

Gainerakoan, tonu baikorra du elkarrizketak. Zortzi pertsona hauek mugimendu baten kide bezala ageri dira eta ez dute zauria gehiago gaiztotu nahi. Horren ordez, mugimendu horren kide sentitzen direlako, ez lukete alperrik galtzen ikusi nahi ETAk gizarte honen zati baten aurrean izan duen ondarea eta sinesgarritasuna eta hori salbatzeko neurri ausartak hartzeko eskatzen diote Batasunari.

Esaten dituzten gauzen artean, gauza bat egin zait berria: Ezker Abertzalearen jokabidea txalotzen dute, esanez nahiz eta ETA aurka egon Batasunak militantziarekin indarkeriaren inguruko eztabaida zabaltzea eta publiko egitea erabaki duela.

Hala ere, agian, modurik zuzenean esanda dagoena, ETAk egin behar duen adierazpenari buruzko komentarioa da: "jokoan dagoena ez da treguak nolakoa izan behar duen; jokoan dagoena ETAk borroka armatua betiko uzteko erabakia hartu duten edo ez jakitea da." Espekulazio asko egon da ETAren su etena egiaztatzearen inguruan. Baina gizarte honek ez du hori espero. ETAk literatura egin beharko du eta bere erara gauzak esan, baina nolabait argi adierazi beharko lioke gizarte honi indarkeriaren bidea behin betiko uzten duela. Bestela ez zaigu inori aski irudituko!

Azkenean presoen kontua dago. Eta horri buruz ere komentario argigarri bat dago: zergatik ez dituzte ETAren presoek dagozkien eskubideak eskatzen? Eta oso modu gordinean adierazten dute: "Nola da posible hauteskundeetan parte hartzeko helburuarekin, Alderdi politiko bezala legeztatuak izateko, legeak ezartzen dituen eskakizun guztiak betetzeko prest egotea eta alderantziz hainbat urte kar-tzelan daramatzaten presoei aukera bera ez ematea askatasunean atera daitezen?"

Interesgarria egin zait pertsona hauen iri-tziak ezagutzea. Seguruenik ETAren agiria ezagutu eta gero ez zuen horrenbesteko interesik edukiko. Ezker abertzaleko askori traidoreen hitzak irudituko zaizkie. Baina prozesu honetan espektadore garenoi, seguru, argigarri iruditu zaigula, gauza on eta txar guztiekin.