GURE herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkun-tzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkun-tza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu". Koldo Mitxelena.
Euskadiren eremu osoa, Euskal Herriko zazpi lurraldeak beraz, hizkuntza berezi baten jabe da, gaur arte bizirik iraun duen hizkuntza baten jabe, inguruko hizkuntzekin ahaidetasunik nabari ez zaiona eta itxuraz mendez mende lurralde honetan kokatua izan dena hain zuzen. Eta gertatuak gertatu, eta asko da gertatu dena, hor dugu Euskara lehia bizian hasi berri den XXI. mendean hego-mendebaleko Europako zati txiki honetan, bi estatuen muga zaila zeharkatuz eta hiru administrazioen gaindi. Gertatuak gertatu, hementxe dirau gure eskuartean euskara batua den euskaldunon hizkuntza propioa, euskal hiritarren artean komunikatzeko, gaztelera eta frantsesarekin batera, dugun tresnetako bat, eta hiritar askorentzat preziatua dena benetan.
Gaur abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Gogoetarako aitzakia eta aukera euskarari buruz, eta bere etorkizunari, begira aritzeko. Hizkuntzaz, 2.010ko euskal gizarteaz, eta itxaropenaz aritzeko. Eta ez naiz ari, noski, garbi diot, agian oraindik irrikan amesten duten euskal gizarte elebakarraz, ez, zeren elebakartasunak ez du ez gure gaurko gizartean inolako lekurik, gizarte honetan elebakartasuna ez baitator bat euskal herritarron behar eta desioekin. Eta gainera, aipaturiko elebakartasuna ez delako egokia ez norbanakoaren, ez eta globalizaziorantz doan gaurko XXI. mendebaleko gizarte honen ikuspegitik. Euskal gizarte elebidun, edo hirueledun, batez ari naiz, hemengoak diren euskara eta gaztelera (eta frantsesa iparraldean) hizkuntzen arteko ahalik eta elebitasun orekatuenaz. Instituzio eta botere publikoek eraiki, sortu eta bultzatutako legeetan alde batetik, eta bestetik eta bere eskutik, herritarren onarpenean, borondate, inplikazio eta atxikimenduan oinarri-tzen den euskararen beharreko normalizazioaz ari naiz.
Euskara da herri honen hizkuntza propioa, gehiengoak behin eta berriz, eta era ezberdinez, temati adierazi duenez geure arteko komunikaziorako tresna egokia izatera iritsi beharra daukana. Eta horretarako, ezinbestez, bere lekua egin, tartea irabazi eta toki egokia aurkitu behar du beste hizkuntzen artean. Gaur, zenbaitengan bederen, kon-tzientzia zorrotza nabari da euskararen balioari buruz. Hauek, euskarak duen kultur eta antzinatasun balioa eta bide batez herritasunaren lokarri den aldetik, duen balioa sentitzen dute gogotik eta barnetik. Hauek, batzuek behintzat, nahiko lukete euskara bere kinka larritik egoera hobera altxa, galdu dituen gizarte sailak berreskura ditzan, edota inoiz izan ez dituenetara lehen aldiz iritsi dadin (hauen artean badaude oraindik batzuen batzuk zeruaren mirariren bat esperoan edo etapa guztiak ziztu biziz lortu nahiko luketenak). Beste batzuk ordea. beste muturrean daude, Unamunoren kasua ez baita bakarra. Beste hauentzat, euskarari hiltzea beste biderik ez zaio gelditzen, alfer lana da euskara gai bihurtzen indarrak higa-tzea, tresna ezdeusa omen da, ezertarako ez dena eta berez desegokia: egin bekio ehorzketa ohoragarri bat eta kito. Horra puntako jarrerak. Baina Unamuno jakitunak zioena benetako ergelkeria da noski, zeren Axularrek aspalditxo esan zigunez tresnak erabiltzeaz fintzen dira, lantzean hobetzen dira, eta orobat eta bereziki hizkuntzak. Dena dela ere, beste muturreko muturrekoei ere zerbait esan beharra legoke: gaur egun sekula baino gehiago, bihotza bero, baina buru hotza eta begi erneak behar ditugu, zentzua eta historiaren noranzkoa.
Euskararen normalizazioa elebitasun sozial integratzailearen ikuspegitik planteatu eta bultzatu behar da gaurko elebitasun zatika-tzailea gaindituz. Eta horrek eskatzen du EAEn bi hizkuntza ofizialen artean gizarte bizitzan ematen den desoreka pixkanaka murriztu eta orekatzea Asmoz eta Jakitez. EAEn berriro diot -ez noski Nafarroan, ezta Iparraldean ere- indarrean dagoen legediak euskarari eta gaztelaniari aitortzen dien berdintasun formal edo legala, gizartean ere berdintasun izatean dago kakoa, eta hori lortuko bada ezinbestekoa da euskarari tratamendu positiboa ematea. Gainera, euskararen normalizazioa ez da euskararen behar abstraktu bat, euskal gizartea egituratzeko baldintza baizik. Eta gero eta gehiago gara uste dugunok arazo hau guztiona dela, abertzaleena eta ez-abertzaleena, euskaltzaleena eta besteena, arago diot, euskaldunona eta ez direnena ere. Behar soziala da. Eta honela onartzen ez badugu nekez urratu ahal izango dugu aurreranzko bidea: euskarak bere lekua eskura-tzea. Eta baieztapen hau ez da, ez, inolako hizkuntz gatazkarik bultzatzea. Zeren euskararen normalizazioren aldeko politikak ez du zerikusirik gaztelaniaren edota frantsesaren (edota ingelesaren) aurkako borrokarekin. Euskararen borroka ez da, berriro diot, ez da inolaz ere erdararen aurkako inolako borroka antzu eta ergela.
Euskararen normalizazioa beraz ezin daiteke inolaz ere, kirtenkeria litzateke, hizkuntz gatazkaren ikuspegitik lortu, eta gainera, nahiak nahi, porrota besterik ezin lor liteke bide horretatik. Euskarak irabazi behar ditu bere lekuak, eremuak, alorrak, esparruak eta funtzio sozial berri eta beharrezkoak. Euskarak, euskal gizartearen baitan bere tartea hartu eta bere tokia bilatu, aurkitu eta bereganatu behar du. Horretan ari da.
Jakina da, eta ez dut, gogoeta berririk plazaratuko esatean kultur komunikaziorako eta garapen politiko eta sozialerako ohizkotasunaz erabilia den hizkuntza dela funtzio nagusienak dituena. Eta ez berririk azalduko esaten dudanean bide hori dela euskarak urratu behar duena, eta urratzen ari dena hain zuzen. Eta urratze hori, bilatze eta aurkitze hori, ahalegin eta atxikimendu hori azken finean, euskal gizarte osoaren arazo, denon ardura eta eginkizuna da, izaera eta legitimitate demokratikoduna guztiz, ez euskaraz dakigunon arazoa bakarrik, are gutxiago abertzaleena soilik, guztiona baizik, gizarte oso osoarena da. Euskararen normalizazioa ez da inoren egitekoa, ezin dezake inork esklusiboki beregain hartu, ezin diezaioke ezta ere inork muzinik egin, guztion eginkizuna da eta. Ezinbestekoa beraz normalizazio honetarako akordio zabala susta-tzea eta gihartzea, zeren Euskadi eraikitzeak, sozial eta politikoki ez ezik, linguistikoki ere eraikitzea suposatzen baitu. Euskal gizartearen eraikuntza euskarara mugatzerik ez dagoen bezala, Euskadiren nazio eraikuntza demokratikorako, gizarte integratu bakarra eraikitzeko, baldintza bakarra eta nahikoa ez, baina, aldi berean, beharrezko dugula euskararen normalizazioa. Gizartearen normalizazioren mesedetarako izango da, gizarte harremanak hobetu besterik ez baititzake bultzatu.
Gaur egun oraindik goi mailako funtzio ba-tzuk gaztelaniak bereziki betetzen ditu. Hori da, itzulipurdikatu beharreko egoera eta hautsi beharreko dinamika, horretan oreka berri baten beharra. Euskara hedatu eta indartuko bada, gizarteak aintzakotzat jo-tzen dituen arlo eta mailetan tresna baliagarri gertatzen zaiola sumatu behar du txikitandik gazteak, hizkuntza horren funtzionaltasuna sumatu eta zerbaitetarako beharrezko dela antzeman behar du ikasle gazteak. Eta azken gogoeta bat, gizarte oso baten ondarea den euskara ez dadila ideologia edo aukera politiko batzuei lotua egon, ez dezagun lotu euskararen auzia eztabaidagarri diren ikusmoldeekin, euskara bera aterako baita kaltetua.
Hona ba lortu beharrekoa: iraupena eta hazkuntza ziurtatzeko eta bermatzeko behar adinako tokia eta lekua, hots, etengabeko aldaketan murgilduta dagoen gizarte konplexu honetan herritarrok ditugun komunikazio premiak betetzeko tresna egoki izatea da. Zuhurtziaz eta buru argiz.