Etxera katu bat iristen denean ilusioz beteriko unea izaten da, baina, aldi berean, zalantzez eta erronkez jositakoa ere bai. Animalia berri baten etorrerak egokitzapen prozesu bat eskatzen du, bai katuarentzat, baita etxeko gainerako kideentzat ere. Horregatik, lehen egunetako urratsak eta erabakiak funtsezkoak izan daitezke bizikidetza osasuntsu eta lasai bat bermatzeko.
Katuen portaera eta behar emozionalak ulertzeko, ezinbestekoa da etologiaren ikuspegia. Etologia animalien jokabidea aztertzen duen zientzia da, haien portaeraren atzean dauden arrazoi biologiko eta psikologikoak ulertzea helburu duena. Diziplina horretan aditua da Jone de la Calle, etologia eta katuen jokabidean espezializatua. Jone de la Callek, gainera, katuak erreskatatzen eta besteen katuak zaintzen ere esperientzia du. Zer da katuek behar dutena etxe berri batean sentitzeko? Zein ohitura txiki izan daitezkeen lagungarri harreman orekatu eta zoriontsu bat izateko?
Katuaren lehenengo egunak
Katu bat etxera ekartzean, lehen urratsak funtsezkoak dira animaliak ingurune berrira ondo egokitu dadin. Jone de la Calle etologoak azaldu duenez, “etxean beste animalirik ez badago, egokitzapena azkarragoa eta errazagoa izaten da. Hala ere, jarraitu beharreko pausoak ia berdinak dira beti. Egokitzapen epea katu bakoitzaren araberakoa izango da”.
Lehenik eta behin, etologoaren arabera, beharrezkoa da “berarentzat soilik izango den espazio bat” prestatzea. “Katuak seguru sentituko duen gela bat eskaini behar diogu. Bertan jarriko dugu hondar-kutxa, janaria, ura eta bere jostailuak. Dena prest utzi behar da bera iritsi aurretik”. Gela horretan ere feromonak jar ditzakegu giroa lasaitzeko, adibidez, eta “katnip” duten jostailuak ere bai. Katuak hazka egin beharko du eta kartoizko kutxak ere gomendagarriak dira, bai jolasteko, baita ezkutatzeko ere. Etxera lehen aldiz ekartzen dugunean, prestatu dugun gela horretan sartuko dugu, janaria jarriko diogu eta garraio-kaxa irekiko diogu, baina ez dugu ateratzera behartu behar, ezta gehiegi hurbildu ere.
Ondoren, garrantzitsua da ingurune lasai bat sortzea: “Musika lasaia jarri ahal dugu, atea itxi eta bakean utzi bidaiaren estresa kudeatu dezan. Beste animalirik baldin badago, ez diegu utziko sartzen ezta katu berriarekin harremantzen”. De la Callek azpimarratzen du katuak espazio txikietan kudeatzen duela hobeto estresa, beraz, ez gara zertan gaizki sentitu behar katua gela horretan behar duen denbora uzteagatik. Lehen kontaktuak, beti, modu lasai eta atseginean izan behar dira: “Jolasa eta sariak erabiliz hasi zaitez harekin elkarreragiten, eta horrela lotura bat sortzen. Baina gela barruan egin lehenengo kontaktua, ez atera oraindik”.
Eta nola nabarituko dugu katuak konfiantza irabazi duela gugan? Jone de la Callek dioen moduan, “ukitzen uzten dizunean, zurekin jolasten duenean, zu bilatzen zaituenean eta ez dizunean beldurrik”. Momentu horretan ireki ahal izango diozu gelako atea eta utzi etxea esploratzen.
Eta beste animalirik badago?
Beste animalia batzuk badaude etxean, prozesua motelagoa izan daiteke: “Usainen truketa egiten hasi beharko gara: jostailuak, mantak, eta kondar-kutxak aldatuko ditugu. Prozesu honek egun, aste edo hilabete batzuk iraun ditzake; guztia katuaren izaeraren eta bere beldurraren araberakoa izango da”. Hurrengo pausoa izango litzateke “tokien trukea egitea, baina elkar ikusi gabe”. Hau da, katu berria libre utzi etxean eta bertako katua berriarentzat prestatutako gelan sartu. Baina garrantzitsua da elkar ez ikustea.
Ondoren, “dena ondo badoa eta jokabide arazorik ez badago, azken urratsa emango dugu: etxeko ate guztiak irekiko ditugu elkar ikus dezaten eta elkarrekin harremantzen aritzeko. Lehen egunetan haserreak egon daitezke, baina hori normala da”.
Jone de la Callek argi dio: “Hau ondo funtzionatzeko eta bizikidetza ona izateko, pauso guztiak oso modu progresiboan egin behar dira. Pausoren batean arazoren bat badago, ez izan beldurrik atzera egiteko eta berriro hasteko”.
Lehen harremana gizakiarekin
Gizakiaren eta katuaren lehen harremanari dagokionez, etologoak gomendatzen du “beti modu lasai eta isilean aurkeztea”. Ez dugu mugimendu bortitzik egin behar, ezta zaratarik ere. Kontuan izan behar dugu gu katua baino askoz handiagoak garela: “Utzi katua guregana hurbiltzen eta ez zaitez zu hurbildu. Katuaren erritmoa errespetatu beharko dugu”.
Akats arruntak ohikoak dira, adibidez, “egokitzapen progesiboa ez errespetatzea”. Jone de la Calleren ustez, pauso hauek jarraitzea eta lotura ona sortzea funtsezkoa da katu berriarekin konektatzeko”. Hori ez ezik, lehen egunetan Jonek ez luke katua etxe osoan libre utziko, egingo duen lehenengo gauza ezkutatzea izango baita, “eta horrela ezinezkoa izango da lotura bat sortzea”. Laburbilduz, Jone de la Callek azpimarratzen duen moduan, “katuarekin lotura ona sortzea da harreman on baten oinarria”.
Etxea prest izateko oinarrizkoa
Katua iritsi aurretik, etxea behar bezala prestatzea ezinbestekoa da. Jone de la Calle etologoak dioenez, “hondar-kutxa, jateko eta edateko ontzi egokiak izan behar dira, behar bezala kokatuta egon behar dute eta hondar-kutxa handia izan beharko da”. Horrez gain, etxean giro aberasgarria sortzea funtsezkoa izango da: “oso garrantzitsua da ingurune aberastua eskaintzea”. Baina zer da ingurune aberastu bat? “Jostailu desberdinak jarri beharko dizkiogu, tamaina ezberdinetako marragailuak, katuei altueran egotea eta lehiotik begiratzea asko gustatzen zaielako, eta jolas interaktiboak ere. Burua erabiltzen duen katua emozionalki egonkor eta zoriontsuagoa da.
Bestalde, segurtasunari dagokionez, “oso garrantzitsua da leiho eta balkoi guztietan sare bat jartzea”, eta nahiz eta segurua eman ahal duen, ez da komeni leihoa bakarrik goitik irekitzea. Etologoak ohartarazten duenez, “erradiadoreetan ere izaten dituzte istripuak, atzapar edo hanka harrapatuta gelditzen zaielako”. Hori ekiditzeko, babesle moduko batzuk existitzen dira.
Garrantzitsua da katuak etxean bere babesleku propioa izatea. Gainera, lehen egunetan ikusiko dugu non sentitzen diren eroso: ez dugu zertan diru askorik gastatu behar, etxean jada existitzen diren txokoak aukeratu ahal dituzte.
Janaria eta oinarrizko zaintzak
Elikadurari dagokionez, Jone de la Callek dio: “Dena katuaren adinaren araberakoa izango da, baina kumeek pentsu berezia behar dute eta normalean helduek baino maizago eta gehiago jaten dute”. Gainera, gomendatzen du “pentsua janari bustiarekin osatzea, hori ezinbestekoa baita hidratazio egokia lortzeko. Bai pentsua, bai janari bustia kalitate onekoak izatea da garrantzitsuena”.
Eguneroko zaintzari dagokionez, etologoak azpimarratzen du “katuak ez direla esaten den bezain independenteak”. Bere hitzetan, “egunean behin aldatu behar zaie ura eta janaria, eta gorotzak garbi bi edo hiru aldiz egunean. Gainera, orraztea eta harekin jolastea eguneroko ohitura izan behar dira. Katuak oso adimentsuak dira, eta esertzen, eskua ematen edo lurrean botatzen irakats dakieke; horrek lotura asko sendotzen du”.
Elikadura modu librean edo ordutegi zehatz batekin antolatzeari dagokionez, “katu bakoitzaren araberakoa da”. Katu batzuek ondo kudeatzen dute janaria, baina beste batzuek antsietate handia dute. Kasu horietan, “hobe da janaria ordutegi baten bidez banatzea, eta jolas interaktiboekin antsietatea kudeatzea”. Haren esanetan, “ur-botila batean zulo txiki batzuk egin eta pentsua sartu daitezke, katua hankarekin jota pentsua eroriko dela ikas dezan”. Beste aukera bat da “kartoizko kaxa batean komuneko paperaren tutu hutsak sartzea eta barruan pentsu pixka bat jartzea; horrela katuak bilatzen eta usaintzen pasatuko du denbora”.
Nola saihestu katuaren hozkadak
Batzuetan, katuak jolasean edo laztantzen ditugunean hozka egiten dute. De la Callek azaldu duenez, “horrek bi arrazoi izan ditzake”. Lehenengoa, amatik oso goiz banandu izana. Bi hilabete eta erdi edo hiru bete arte egon behar dute elkarrekin, elkarri jolasean min ez ematen, askatzen eta komunikatzen ikasteko. Bestela, katu bat izaten jarraituko du, noski, baina “katu hizkuntza” ez dakien katua izango da, eta horrek frustrazioa eta jokabide desegokiak sor ditzake.
Bigarren kasu bat dago: “Badaude amarekin hazi diren katuak eta hozka egiten dutenak. Hori ez da sozializazio kontua, baizik eta izaeraren kontua. Katua ez da gizakia, eta ez dugu haren portaera guztia kontrolatu behar”. Batzuek ez dute laztanak gustuko eta bere moduan adierazten dute. Horregatik, mugak jartzea garrantzitsua da txikitatik, eta jokabide txarrak zuzendu, beti errespetuz.
Etologoak ohartarazten duen bezala, ez dugu inoiz zigorra erabili behar, ezta oihuak ere. Itxialdiak ere ez dira aukera bat. Horren ordez, “jokabide txarra desbideratzea da egokiena”. Hau da, jokabide on baterantz desbideratzea edo ondo egiten duenean saritzea. “Jokabide desegoki asko asperduragatik, estimulazio faltagatik, baliabide eskasengatik edo frustrazioagatik” sortzen direla dio.