Síguenos en redes sociales:

Jose Villanuevaren gutunak

Jose Villanueva euskal abertzaletasunaren propagandista nekaezina izan zen, eta langile fina. Bere gutunerian oso garbi ikusten da hori.

En imágenes: Jose Villanuevaren gutunakBasque Museum & Cultural Center. Villanueva Collection

5

Ospe handia hartu du Idahoko euskal diasporak aspaldi honetan. Badago alderdi bat oso ezaguna dena: Jaialdia, artzainak, dantzak… Baina honekin batera, izugarria da hango euskaldunen memoria gorde eta ezagutarazteko azken hamarkadetan egiten ari diren lana. Boiseko The Basque Museum and Cultural Center elkartea da, batez ere, horren ardura duena. Luzeegi joko liguke guztiaren aipamena hemen egiteak, baina, erreportaje honetan hizpide ditugunez, azpimarra ditzagun bi kontu: jasotzen dituzten ahozko lekukotzak eta familiek emandako artxibo eta bildumekin egiten duten atontze lan eskerga.

Patty Miller zuzendariak Jose Villanueva Amezketaren kaxa batzuk jaso zituen honen alargun eta semearen eskutik. Bazuen gizon haren berri, baina berehala konturatu zen bilduma hura ez zela museoan jasotzen zituzten beste gehienak bezalakoa. Aurrerago ikusiko dugun legez, pertsona hura ez zela izan Ameriketako Estatu Batuetara XX. mendearen hasieran migratzen zuten gainerako gizon eta emakume euskaldunen profil berekoa.

Meggan Laxalt izan zen artxibo hartan murgildu zen lehenetarikoa, 2014an. Tony Villanueva semeari elkarrizketa luzea ere gin zion (aurretik Villanuevaren emaztearen lekukotza ere jasoa zegoan). Ahalegin horien emaitza da Laxaltek idatzitako testu aberatsa. Hiru urte beranduago, Marsha Hunter ikasleak Boiseko Estatu Unibertsitatean Villanuevaren artxiboaren inguruko tesina ederra aurkeztu zuen, goi mailako ikuskapenarekin: Larraitz Ariznabarreta, John Bieter, John Ysursa eta David Lachiondo. Gabeziaren bat izatekotan, eta Euskal Herritik begiratuta, testuinguru politikoan hobetoxeago kokatu beharra ikusten diegu, gure historia politikoan garrantzi handiko pertsonak direlako eskutitzetan agertzen direnak.

Jose Villanueva Amezketa

Bilbon 1895ean jaio zen Jose Villanueva Amezketa. Bere aita Sabino Aranaren lehen jarraitzaileetako bat izan omen zen; beraz, pentsatzekoa denez, semea ere gazte-gaztetatik abertzaletu zen. 1917 inguruan joan zen Ameriketara, lehenengo Kubara, baina 1923ra arte ez zuen Boiserako bidea hartu. Musiko aparta ere bazenez –Bilboko bandan ere jo zuen–, musikari eman zizkion batez ere lehen urte haiek, tartean Syracuseko orkestran, New Yorken. Artzaintzan murgiltzeko saiakeraren bat egin ondoren zapatari lanari ekin zion azkenean (“Zapatraki” deitzen zion Manu de la Sotak eskutitz batzuetan), Emmett izeneko herrian, Boisetik hurbil. Aitaginarreba zuen Antonio Lopezen ofizio bera, Lekeitiotik Idahora joandakoa azken hau.

Villanueva 1926an ezkondu zen Lopezen alabarekin, Maria Teresa Lopez Robles Arangizekin (familia honetako abizenen inguruan nahaspilatxoa ere badago Boiseko museoko artxiboetan). Emakume hau 1905ean Lekeition jaioa zen, baina bere gurasoak baino beranduago bidali zuten Ameriketara. Bikotearen seme bakarra izan zen Tony 1935ean jaio zen.

Musika eta zapatak. Dantzak ere bai, Koldo San Sebastianek idatzi duen bezala, Villanueva izan baitzen Idahoko lehen euskal dantza taldea sortzen Jon Bilbaoren laguntzaileetako bat, euskal komunitatearen begirada mesfidatiei aurre eginda, bide batez esana. Baina, ororen gainetik, Jose Villanueva euskal abertzaletasunaren propagandista nekaezina izan zen, eta langile fina. Bere gutunerian oso garbi ikusten da hori.

Jose Villanuevaren gutunak

Bere familiak Boiseko euskal museoan utzitako kaxetan beste gauza interesgarri asko ere bazegoen arren, Jose Villanueva Amezketaren gutunetan jarriko dugu guk begirada. Ehun eta berrogei eskutitz inguru dira bilbotarrak Idahon jasoak. Lehena 1930ekoa eta azkena 1975ekoa. Ez dira asko ia mende erdi izateko, baina bai oso interesgarriak. Bat izan ezik denak dira berak jasoak. Berak idatzitako bakarra, 1975ko otsailekoa da, bildumako azkena beraz. K-Toño Frade idazleari Bilbora bidalitakoaren kopia, honen liburu bategatik zorionak emate. Eta bide batez, Villanuevak gogoratzen zuen sei hamarkada atzeragoko Bilbo hiriaren deskribapen polit bat egiten duena, herriminez josia.

Jose Villanuevaren gutunak

Euskal Herriko familiaren eskutitz bakarra agertzen da bilduman, 1963koa, iloba Glory Villanuevaren ezkontzarako gonbidapena. Eta, adiskideen artean, urteroko Gabonetako zorion gutunak, Andres Arambalza eta Maite Barroetak Bilbotik bidaliak, hauek Venezuelako erbestealditik itzuli eta gero. Euskal Herritik Idahora iritsitako ia beste guztiak Eusebio Alcorta Soler adiskideak bidaliak dira, hamarkada luzez gainera.

Eli Gallastegi

Gutunen lehen multzoa 1936ko gerra aurreko zazpi eskutitzek osatzen dute. Lehena, 1930ko otsailean Villanuevak Eli Gallastegiri Mexikora bidalitakoaren erantzuna da. Baina Jakinda Suarezek erantzuten dio, Gallastegi ordurako Kuban zegoela esaten, Euskal Herrira bidean. Erantzun horri esker dakigu Villanueva Gallastegiren euskara ikaslea izana zela Bilbon, mende hasieran; beranduago, 1928an, Suarez bera bezala.

Garai horretakoak dira 1932an Eusebio Alcortak Areetatik bidalitako gutun batzuk ere, ospatu berri zen lehen Aberri Egunari buruzkoak edota Jagi-Jagi aldizkariari buruzkoak. Hemen ere Eli Gallastegi hizpide. Izan ere, Villanueva, Alcorta eta Suarez, hirurak ziren haren inguruan ibilitakoak, haren jarraitzaileak. Orduan Euskal Herrian bizi zen giro abertzalearen ispilu, 1934ko maiatzean Emakume Abertzale Batza erakundetik bidalitako eskutitz bat ere badago, Villanuevaren emaztearen afiliazio eskaera onartzen.

Gerra garaia

Ia hiru urte beranduagokoa da bildumako hurrengo gutuna. Gerra hasita zegoen ordurako eta Mexikoko Eusko Jaurlaritzako delegaziotik Idahoko agente izendatzen dute agiri baten arabera. Ez dira gutxi urte haietan Mexikotik bidalitako gutunak, batez ere Jesus Aldamiz-Etxebarriak, baina ororen gainetik New York izan zen Idahorako korrespondentziaren iturri nagusia. Anton Irala, Manu de la Sota, Ramon de la Sota, Jon Bilbao eta Jesus Galindezenak eta bereziki.

Maitena Iragorrik Manu de la Sota eta Anton Iralaren bidaiaren inguruan idatzi berri duen liburu ederrean (Viaje a Idaho 1938. Pamiela 2025) oso ondo ikusten da nolako giroa zegoen garai hartan Idahoko euskaldunen artean. Hilabete batzuk lehenago idatzi zioten Villanuevari New Yorketik bidaia haren berri ematen eta laguntzaile fina izan zen beste bi adiskiderekin batera, Idahoko militante abertzale bakarrenetakoak: Tomas Arambalza eta Tony Laradogoitia. Biak Urdulizen jaioak eta negozio batean bazkideak ere bai Cascaden. Laradogoitiaren ahozko lekukotza John Bieterrek jaso zuen euskal museorako.

Gutunerian ikus daitekeenez, bidaia hartatik aurrera estutu egin zen Villanuevaren eta New Yorkekoen arteko harremana. Pentsa daitekeenez, garai goibel haietan diru-laguntza eskaerak ziren batez ere Idahora iristen zirenak. Horretan eman zuten Villanueva eta enparauek denbora, eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren esker oneko telegrama bat ere jaso zuten egindako lanagatik. Horrekin batera, bereziki Argentina eta Mexikotik iristen ziren aldizkari eta liburu askoren banatzailea ere izan zen Idahoko euskaldunen artean.

Mundu Gerraren ajea

Gerraren amaieran etsipena nagusi, baina lanean jarraitu behar. Bigarren Mundu Gerran zegoen orain itxaropena jarria, hala ikusten da zenbait gutunetan, adibidez 1945ko otsailean Manu de la Sotak idatzi zion honetan: “Amaiera gertu dago. Errusiarrak Berlinen sartzen badira, dena eroriko da karta-gaztelua bezala, eta Franco izango da lehena. Azkenean badator askatasuna”. Badakigu ez zela horrela izan. Noizean behin Villanuevak gerizak eta okaranak bidaltzen zituen New Yorkera, baina ez dirudi oso kontsolagarri izango zirenik hangoentzat. Poz bakarrenetakoa Agirre lehendakaria bizirik agertu zenekoa izan zen, Villanuevari Manu de la Sotak kontatua.

Ordutik aurrera, Jesus Galindezek hartu zuen protagonismoa Villanuevaren gutunerian; zehazki, 1947ko irailaren 30ean bidali zion lehena. Hiru gai azpimarratuko ditugu Galindezek New Yorketik Idahora luzatutako eskaeren artean. Bata, 1949ko abenduan berpiztu zen Euskararen Nazioarteko Eguna Boisen eta inguruetan antolatzeko erregua. Bigarrena, urte berekoa, Francoren alde jarria zen Pat McCarran Nevadako senatariaren kontra euskal komunitatea mobilizatzeko proposamena, Galindezek ustez ez baitzuen honek lortuko berriz aukeratua izatea estatu hartako euskaldunen laguntzarik gabe Ez dakigu zerbait egin zuten, baina senatari horrek senatari jarraitu zuen 1954an bihotzekoak eman arte.

Jose Villanueva erdian, txistua jotzen. Anton Uranga eta Joe Anacabe dira beste biak.

Baina Villanuevari luzatutako hirugarren eskaria da bitxiena, bereziena. Izan ere, Iñaki Bernardo eta Iñaki Goioganak Galindezen biografian idatzi duten bezala (Galindez: la tumba abierta. Sabino Arana Fundazioa, 2006), hainbat dibisa mugitzen zituen honek New Yorketik, Jaurlaritzaren delegazioko gastuak (edota Galindezenak bereak), ordaindu ahal izateko. Gaia labainkorra da eta ez da gainera lerro hauen helburua hori aztertzea. Kontua da Villanuevari eskatu ziola kontu horretan laguntzeko, argituz gainera Ameriketako euskaldunentzat onuragarria zela. Ez dakigu zer-nolako eragina izan zuen eskaera horrek, baina 941 dolarreko txeke bat gutxienez bidali zitzaion Idahotik New Yorkera, gero Galindezek Bakiora familia bati 40.000 pezeta bidali ziezazkion.

Itxaropen berriak

Villanuevaren bilduman dauden azken gutunak itxaropen garaikoak dira neurri batean, pasa den mendeko 1970ko hamarkadakoak. 1970ko abenduan Anton Iralak itxaropenez betetako mezua bidaltzen dio Washingtonetik: “Gerra garaitik ez da euskaldunei buruz orain beste hitz egin. Eta garrantzitsuena da komentarioak oso onak direla: gure eskubideen alde, Francoren zapalkuntzaren kontra. Zalantzarik gabe, denbora berri batean sartzen ari gara”. Euskal Herritik ere iritsi zitzaizkion berri pozgarriak garai hartan. Besteak beste, euskarazko aldizkari berriena.

Ez dakigu nola bizi izan zituen Jose Villanuevak bere azken urteak, 1981ean hil zen. Dakiguna da ondare ederra utzi zigutela berak eta bere familiak. Ia mende erdiko kronika politiko interesgarria osatzen laguntzen duen altxorra.

Egilea: Iñaki Galdos Irazabal

Oñatin jaioa (1966), Euskal Filologian lizentziatua da. Irakasle eta kazetari gisa lan egin ondoren, politikan murgildu zen hamarkada eta erdiz. Ondoren, hainbat hedabidetako kolaboratzaile eta editore lanetan dihardu. Aurten, ‘Abentura bat baino askoz gehiago’ bere liburuaren ingelesezko bertsioa argitaratu du Boisen.